AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/03 10:33
Ukrainako guda ez da gatazka militar bat soilik, eta kolokan jarri ditu, besteak beste, Europako energia-merkatu guztiak ere. Sarraski militarra bera bezala, gorabehera eta aldaketa ekonomiko horien ondoriorik latzenak ere, noski, langileriak pairatuko ditu. Errusiako energia-horniduraren mozketaren beldurrez eta hainbat inportatzailek Errusiako ekoizpenari bizkarra eman diotenez, lehengai energetikoak garestitu egin dira Europan. Gas naturalaren prezioa, esate baterako, %30etik gora igo da asteazken honetan. Igoera bortitzena gerra hasi eta berehala jazo zen: %50 baino gehiagoko igoera izan zen, orduko megawatta 200 euroan kokatzeraino. Prezio hori duela urtebetekoa baino hamar aldiz handiagoa da.

Petrolioak antzeko ibilbidea egin du, Brent-upelak %3ko igoera izan baitu asteazken honetan Europan, upeleko 110 dolarren atarian. Seguraski, azken garestitzeak maximo berrietara bultzatuko ditu gasolina zein diesela, Europar Batasunaren zein AEBen zigor ekonomikoak jaso dituen herrialdea, Errusia, munduko hirugarren petrolio ekoizle handiena baita.

Gasaren kasuan bezala, inportatzaileek Errusiako petrolioari betoa ezarri izanak zuzenean eragin du prozesuan. Financial Times egunkari britainiarrak Energy Aspects aholkularitza-enpresa espezializatuaren ikerketa baten datuak jaso ditu, eta horren arabera, Errusiaren energia-ekoizpenaren %70ak ez du inolako eroslerik aurkitzen Europan.

Zerrenda luzeagoa

Hori gutxi balitz, azken igoerak bestelako produktu batzuetara ere zabaldu dira, Errusiak horien gaineko merkatu-kuota garrantzitsuak dituenez gero; ikatza, aluminioa eta nikela, adibidez. Jakina da lehengaion garestitzeak inflazioan duen eragina. Izatez, joan den hamarkadetako marka guztiak berez hausten ari da azken hilabeteotan. Horrek guztiak langileen poltsikoak estutu eta industriari lotutako irabazi-tasak uzkurtzen ditu.

Sakrifizioak

Pedro Sanchez Espainiako Estatuko gobernuburuak adierazi duenez, Ukrainako gerrak "sakrifizioak" eskatuko ditu. Hartutako neurriek "kostu bat" dutela ohartarazi du Diputatuen Kongresuaren aurrean, eta alderdi instituzional guztiei "batasun-hitzarmen" bat eskatu die.

Energia-merkatuetan izango omen da inpakturik garrantzitsuena: "Gatazkari lotutako ziurgabetasunak gasaren eta petrolioaren prezioen igoera garrantzitsua eragingo du", azaldu du presidenteak. Bestalde, Errusiari ezarritako finantza- zein merkataritza-zigorrek haren esportazioetan eragina izango du, enpresen inbertsioetan edota turista errusiarren fluxuaren antzera.

Horrez gain, Sanchezen esanetan, Ukrainako zerealen eta ekilore-olioaren inportazioa ere baldintzatuko omen du gatazkak. Azkenik, Ukrainako Estatuari eta hango biztanleriari armak bidaltzea erabaki du PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak.
EZ DAGO IRUZKINIK