Atzo jakinarazi zuten bi pertsona atxilotu dituztela Donostian (Gipuzkoa), hainbat emakume sexualki esplotatzeagatik eta kontratu faltsuak egiteagatik. Hendaian (Lapurdi) bizi den gizon bat eta jatorri txinatarreko emakume bat dira atxilotuak, eta, dirudienez, gutxienez lau emakume txinatar behartu dituzte prostituitzera, bizitoki-baimena lortzearen truke.
Hitzorduak izateko web-orri bat erabiltzen zuten proxenetek, sarean harrapatutako emakumeekin sexu-harremanak izatea eskaintzeko eta publizitatea egiteko. Pisu bat ere kudeatzen zuten, hitzorduak han izateko.
Sare horren berri, dena den, duela urtebete baino gehiago, iazko maiatzean, izan zuen Poliziak. Miaketa bat egon zen Irungo (Gipuzkoa) etxebizitza batean, eta hor ikusi zituzten jada han zeuden emakumeak sexu-esplotazioa jasaten ari zirelako zantzuak.