AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/08 10:52

Martxoaren 8a da gaur, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, eta azken urteetan egin modura, tokian toki mobilizaziora jo du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Aurten Euskal Herriko 24 herritan egin ditu deialdiak, aldarri nagusi batekin: Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki. Manifestazio eta elkarretaratzeen amaieran egindako adierazpenetan, "emakume langileon zapalkuntza lehen lerroan jartzeak eta horren aurrean emakumeok antolakuntza politikora batzeak duen garrantzia" nabarmendu dute Itaiako kideek.

Aurten, zehazki Tolosan, Hernanin, Donostian, Irunen, Zarautzen, Ordizian, Zumarragan, Azpeitian, Azkoitian, Zestoan, Bergaran (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Altsasun, Garesen, Lizarran, Iruñean (Nafarroa), Bilbon, Basaurin, Durangon, Gernikan, Mungian, Ondarroan, Portugaleten (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba) antolatu dituzte mobilizazioak.

Instituzio publikoen berdintasun faltsua

"Ustez gero eta feministagoa den gizarte batean bizi gara; hala diote behintzat telebistak, irratiak, alderdi politikoek, instituzioetako bozeramaileek, eta abar. Aldiz, emakume langileon egunerokoan aldaketa gutxi ikusi ditugu. Kontrara: emakume askoren bizi baldintzek okerrera egin dute", azaldu dute gaurkoan Emakumeon Antolakunde Sozialistako kideek.

"Instituzioek berdintasunaren aldarrikapena eurena egin badute ere, ez dute zapalkuntzarekin amaitzeko borondate errealik erakutsi", salatu dute. "Emakume langileon problematikari heldu" beharrean, berdintasunaren ustezko aldarrikapen horiek "aurpegi zuriketarako eta botoak lortzeko helburuarekin" egiten dituzte instituzioek, Itaiaren esanetan. "Lege feministak polemika mediatikorako erabiltzen dira, parekidetasun legea bezalako neurriak goi postuetako emakumeen eskubideez bakarrik arduratzen dira, eta Martxoaren 8a bezalako borroka egun bat ospakizun bilakatu nahi dute", gaineratu du.

"Ustez gero eta feministagoa den gizarte batean bizi gara; [...]. Aldiz, emakume langileon egunerokoan aldaketa gutxi ikusi ditugu"

Gobernuetako berdintasun sailburuek euren berdintasun politikak goraipatzean, zehazki "zein emakume askatzeaz" ari diren galdegin dute Itaiako kideek. "Gobernuetatik proposatzen diren legeek emakume langile asko eta asko bazterrean uzten dituzte", diote. Sozialdemokraziak ere "egoerari aterabidea emateko ezintasuna" erakutsi duela uste dute, zenbait neurri onartzeak eragin "positiboa" izan dezakeen arren: "Inondik inora ez diote emakume langilea askatzeko norabide estrategikoari erantzuten".

Okerragotzea, errealitatean

Horren guztiaren erdian, gainera, Itaiak seinalatu du enpresariek "aberasten jarraitzen" dutela, "emakume langileon esplotazio basatia" tarteko. Ohartarazi du, orokorrean, "emakume langileon bizi baldintzak are gehiago okertzea eragin" duela krisialdi garaiak, eta horren adibide modura aipatu ditu "egiturazko pobrezia, instituzioekiko dependentzia ekonomiko handiagoa, indarkeria matxista kasuen gorakada eta gogortzea, eta gure gorputzen sexualizazioa".

"Komunikabideen edota instituzioen ideologiak ez dituzte arazo horiek ikusarazten edo, komunikabide nagusietan agertzen badira ere, ez dute emakume langileontzat irtenbiderik proposatzen", jarraitu du Itaiak. Iritzi dio, esaterako, haiek guztiek ez dietela erantzun errealik ematen prostituzioari, etxeko langileen egoerari, emakume langile egoiliarren egoerari edota emakumeen salerosketari; edo, lantzekotan, "modu interesatu eta manipulatuan" lantzen dituztela.

"Komunikabideen edota instituzioen ideologiak ez dituzte arazo horiek ikusarazten edo, komunikabide nagusietan agertzen badira ere, ez dute emakume langileontzat irtenbiderik proposatzen"

Zapalkuntzarik gabeko gizarte baterako baldintzak

"Testuinguru politiko eta ekonomiko honetan bi aukera ditugu: elite ekonomikoaren menpe egituratutako gizartea eta horrek dakarren bizi baldintzen okertzea onartzea, edo enpresarien eta alderdi profesionalen iruzurrari aurre egitea eta emakume langileok askatuko gaituen gizarte sozialista eraikitzea", azpimarratu du Itaiak. "Argi daukagu emakume langileon zapalkuntzak ez duela aterabiderik kapitalismoaren baitan, eta horregatik diogu sozialismoaren eraikuntza gure askapenerako premisa dela", gehitu du.

"Sozialismoaren eraikuntza da gure askapenerako premisa"

"Gaurdanik hasi behar gara norabide horretan lanean. Klaserik gabeko eta, horren ondorioz, zapalkuntzarik gabeko gizartea eraikitzeko baldintza politikoak eraiki behar ditugu", adierazi dute antolakundeko kideek. Xehatu dute, gainera, "zapaldu ororentzat espazio seguruak lortu" behar direla "antolakuntza komunistaren baitan garatzen ditugun borroka prozesuetan eta sortzen ditugun instituzio propioetan"; hala nola, "zapalduen aurkako eraso guztiei erantzunez eta horretarako bitartekoak sortuz".

"Hori guztia lortzeko, emakume langileok subjektu politiko izan behar dugu, horretarako ditugun oztopo politikoei aurre egiteko baliabideak sortuz", aldarrikatu dute. Hala, "gero eta emakume gehiago antolakuntza sozialistara batzeko lanean" jarraituko dutela jakinarazi dute, "guztion ongizatea bermatu behar duen gizartearen eraikuntzan".

"Gero eta emakume gehiago antolakuntza sozialistara batzeko lanean jarraituko dugu"

EZ DAGO IRUZKINIK