22 eta 34 urteko bi emakume atxilotu dituzte Barakaldon (Bizkaia), Kolonbiaren eta Espainiako Estatuaren artean emakume gazteen salerosketan aritzeagatik eta, gero, prostituzioan jardutera derrigortzeagatik. Zaragozan aurkeztutako salaketa bat zela-eta jarri zuten martxan ikerketa: 30 urteko neska batek azaldu zuen iruzur baten bidez mugiarazi zutela Kolonbiatik eta, bertara iristean, sexualki esplotatzen hasi zirela bera engainatu zuten proxenetak, ustezko zor bat ordaindu behar zuela esanez.
Kolonbiatik tokialdatu zenean, Barakaldoko pisu batera eraman zuten esplotatzaileek eta prostituitzera behartu zuten bertan. Asteko zazpi egunetan eta 24 orduz aritu behar izan du, engainuaren arabera, 5.000 euroko ustezko zor bat ordaindu behar baitzuen. Sexualki esplotatzen zuten aldi bakoitzean, irabazien %40 eskuratzen zuten proxenetek. Gainera, etxe horretan erabat kontrolatuta eta bahituta zeukaten emakumea, egunean 15 minutuz baino ez baitzioten irteten uzten. Une horietako bat baliatu zuen ihes egiteko eta, Zaragozan, salaketa jartzeko.
Ikerketa abiatzean, Barakaldoko etxe hori identifikatu dute; salaketa aurkeztu duen emakumeaz gain, beste neska batzuk ere bertan esplotatu izan dituzte. Itxura denez, baina, ikertzaileek pisua atzeman dutenerako, hura "garbitzea" lortu dute esplotatzaileek, eta ikerketa oztopatu du horrek. Esplotazio-sare bereko proxeneta gehiago identifikatzeke omen daude oraindik.