AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/30 08:46

Emakume bat atxilotu dute Jaenen, beste emakume bat sexualki esplotatzeagatik, besteak beste Bizkaian. Lagunak ziren bi andreak. Biktimak jakinarazi duenez, bere lagunak iruzur egin zion Paraguaitik Espainiako Estatura mugi zedin: bere egoera zaurgarria probestuta, ongi ordaindutako lanpostu bat hitzeman zion iruzurgileak, eta bidaia egin ahal izateko dirua eman zion. Helmugara iristean, baina, oso bestelakoa izan zen gertatutakoa.

Egindako lan-eskaintza faltsua zen, eta sei hilabeteraino luzatu zen sexu-esplotazioa hasi zen Espainiako Estatura heltzean. Antza denez, esplotatzaileak Interneteko hainbat web-orritan eskaintzen zituen bere lagunaren escort zerbitzuak, eta horretan jardutera behartzen zuen. Euren lokalizazioa atzematea saihesteko, etengabe mugitzeko estrategia zuen: badirudi, tartean, Bizkaian esplotatu zuela biktima hainbatetan.

Esplotatutako emakumeak azaldu izan duenez, egoera zaurgarrian zegoela engainatu zuen iruzurgileak, eta bera sexualki esplotatzen hasi zenean, pertsonen salerosketa kasuetan ohikoak izaten diren baldintza gogorrak inposatu zizkion: bere nagusitasun egoeraz abusatu zuen, kontrol estua ezarri zion eta ez zion nahi bezala mugitzen edo irteten uzten.

Iruzurgilea 2022ko abenduan jarri zen harremanetan berekin. Tokialdatu eta sexualki esplotatua izan ondoren, emakumeak 2023ko maiatzean jarri zuen salaketa bat Bilboko (Bizkaia) La Salveko kuartelean. Ikerketan ondorioztatu zuten biktima eta esplotatzailea pare bat astean behin mugitzen zirela Jaenera, eta horrela atzeman omen zituzten.

EZ DAGO IRUZKINIK