Atzo, urtarrilak 8, Laudioko Udalaren aginduz, polizia-indarrek Laudioko Gaztetxea hustu zuten. Desalojoa salatzeko, gaur goizean 150 pertsona elkartu dira Laudioko (Araba) plazan, eta udalaren "jarrera arbitrario eta autoritarioak, eta militantzia politikoaren aurkako erasoak" gaitzetsi dituzte.
Kultur Etxeko obrak tarteko ia urtebeteko etena izan ostean, gaztetxeko kideek asteartean ireki zuten berriz Laudioko Gaztetxea, "azken 20 urteetan egindako lanari jarraipena emateko" asmoz. Langile Kontrolpeko Espazioan berriro sartzeko hainbat arrazoi azaldu dituzte: batetik, Laudiok jardun politikorako eta kulturalerako espazioak behar dituela; bestetik, gaztetxearen uneko egoera erreala lehen eskutik ezagutzeko beharra; eta azkenik, udalak auzi honetan hartu duen jarrera agerian uztea.
ITXIERA 2023RA ARTE LUZATZEKO ASMOA
Udalak, hasiera batean, adierazi zuen gaztetxea berriro ireki ahalko zela Kultur Etxeko obrak amaitzean; orain, baina, espazioa 2023ra arte itxita mantentzeko asmoa adierazi du. "Ezer gutxi zehazten duen txosten batean oinarrituta, hainbat espazio itxi ditu udalak, segurtasun eza argudiatuta", diote gaztetxeko kideek: "Laudioko Gaztetxeak ez du segurtasun arazorik".
Era berean, Laudioko Gaztetxea hustu zuten unean barruan zeuden gazteei isuna jarri nahi izan zietela ere salatu dute gaztetxeko kideek; haien esanetan, gaztetxea "gazte lonja" dela argudiatuta zigortu nahi zituzten pertsona horiek. "Laudioko Gaztetxea ez da gazte lonja bat, gune politiko, sozial eta kultural bat baizik, azken 20 urteetako jardunak erakusten duen bezala".
BORROKA-PROZESUA
Gaztetxeko kideek azpimarratu dute prozesu hau "hasi besterik" ez dela egin, eta ez dituztela "udalaren jarrera arbitrario eta autoritarioak" onartuko, ez eta "militantzia politikoaren aurkako erasoak" ere. "Langile Kontrolpeko Espazioen hedapenaren alde eta langileriaren beharrizanen alde lanean jarraituko dugu", adierazi dute.
Laudioko Gaztetxeak, bestalde, Euskal Herri osotik jasotako elkartasun keinu guztiak eskertu ditu, eta elkarretaratzera bertaratu diren pertsona guztiei luzatu die Erraki Langileon Kontrolpeko Espazioen Sareak biharko deitu duen mobilizazioan parte hartzeko gonbita, okupazioaren aurkako ofentsibaren aurrean, autodefentsa aldarrikatzeko. "Okupazioaren aurkako ofentsiba baten aurrean aurkitzen gara eta, horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da autodefentsa antolatzea", azaldu dute.