AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Langileen protesta bat, joan den ekainean. ARGAZKIA / Diario de Noticias de Álava
2023/10/04 10:01

Gasteizko (Araba) Michelin lantokiko ekoizpena murriztea erabaki du zuzendaritzak: hemendik urte amaierara bitartean, 2.000 tona gurpil ekoizteari lagako diote. Enpresako zuzendaritzak astearte honetan eman dio lan-kargaren murrizketaren berri langile batzordeari, eta Arabako fabrikako 1.500 behargini eragingo die neurri berriak.

Ekoizpenaren murrizketa justifikatzeko, eskaerak behera egin duela esan du zuzendaritzak, baina ez da inola ere horretara mugatu: ez du ezkutatu Michelinen izan diren azken lan-gatazkek eta langileak borrokara batu izanak eragina izan duenik. Enpresak esan du beharginen "konpromisoa lehenesten" duela, eta hori betetzen ez duten lantegiek "galdu" egiten dutela zuzendaritzaren "konfiantza". Gasteizko fabrikako beharginen kasuan, beraz, inplizituki leporatu die enpresarekiko konpromiso hori erakutsi ez izana, lan-hitzarmenaren negoziazioan izan diren gatazkengatik eta lanuzteengatik.

Joan den ekainean grebara jo zuten Gasteizko Michelineko langileek, itunaren negoziazioari lotuta: zuzendaritzak beharginen exijentziak aintzat har zitzala eskatu zuten. Arabako langileen artean ezezkoak irabazi zuen arren, ekainaren erdialdean finkatu zen hitzarmen berria, datozen lau urteetarako: Espainiako Estatuko plantetan izan ziren gainerako bozketek eragin zuten itunak aurrera egitea, baiezkoa nagusitu baitzen.

Lasarte-Orian (Gipuzkoa) beste planta bat dauka Michelinek, baina batzorde propioa dauka, eta Gipuzkoako fabrikan ez zen gainerakoetako hitzarmen orokorra ezarri. Lasarte-Oriako beharginek ere lanuzteak egin zituzten ekainean.

Gasteizko ekoizpenaren murrizketari dagokionez, sindikatuek salatu dute "langileei beldurra sartzeko estrategia" bat dela.

EZ DAGO IRUZKINIK