AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/08 13:38

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurrera doaz Palestinaren askatasunaren aldeko kanpaldiak. Lau campusetan prestatu ditu kanpalekuak Ikasle Abertzaleak antolakundeak: Gasteizen (Araba), Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa) eta Leioan (Bizkaia).

Ekimenari lotuta, EHUko eta NUPeko errektoretzetara jo du gaur IAk, exijentzia argi bat egiteko: estatu sionista genozidarekin dituzten harremanak eta loturak eten ditzatela bi unibertsitateek. Zentzu horretan, elkarrizketa-mahaiak sortzera deitu ditu bi errektoretzak, eskaera eta aldarrikapen horiek eurekin landu ahal izateko.

EHUk berriki argitaratu du adierazpen bat, Israelgo Estatuarekin harremanak moztuko dituela esanez. IAko kideek seinalatu dute, baina, sionistekin negozioa egiten duten enpresa askorekin mantentzen duela lotura EHUk. Hala, besteak beste HP, AXA eta CAF enpresekin dituen harremanak bertan behera utz ditzala eskatu dio EHUri IAk. "HPk check point-etan erabiltzen diren teknologia militarrak garatzen ditu, AXA armamentu-enpresetan eta kolonizazioan parte hartzen duten bankuen inbertitzaileetako bat da, eta CAF kokaleku ilegaletatik igarotzen den trenbide-azpiegitura eraikitzen ari da", zehaztu dute ikasleek.

NUPi dagokionez, estatu sionista "publikoki kondena" dezala eskatu dio IAk errektoretzari. EHUrekin egin bezala, orokorrean, sionistekin harreman oro apur dezala exijitu dio.

Israel borrokatu, desnormalizatu eta suntsitu

"Palestina inoiz aske izango bada, hori Israelen desagerpenaren bidetik izango da", argitu du gaurkoan ere IAk. Hori dela-eta, "Palestinaren aldeko elkartasuna, ezinbestean, Israelen kontrako borrokari lotuta" dagoela nabarmendu du. "Genozidioaren aurrean ez dago erdibiderik. Palestina osoaren deskolonizazioa lortzeko, Israel borrokatu, desnormalizatu eta suntsitu behar dugu", diote IAko militanteek.

Beraz, berriz seinalatu dute "Mendebaldeko gobernuek, PSOErenak barne, Israelen krimenak babesten jarraitzen" dutela; eta hura "legitimatzen saiatzen" ari direla, "bi estatuen irtenbidea proposatuz". "Gogora dezagun Mendebaldeko potentzia inperialistentzat, NATO eta Europar Batasuna barne, entitate sionista ezinbestekoa dela mendebaldeko Asian haien interesak bermatzeko", ohartarazi du IAk: "Horregatik, gure eginkizuna da sionismoaren nahiz genozidioaren konplize diren Mendebaldeko instituzioen, enpresen eta alderdien aurka egitea".

Ikasleak altxatuta, Palestinaren askatasunaren alde

IAk gogoan izan du mundu osoan barrena ari direla mobilizatzen eta kanpatzen milaka ikasle, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko. Oroitarazi dute, dena den, Polizia leku ugaritan ari dela kanpaldiak itotzen eta zapaltzen; hala nola, Amerikako Estatu Batuetako hainbat campusetan, Alemanian eta Herbereetan. IAk elkartasuna adierazi die erreprimituak izaten ari diren ikasle guztiei, eta azaldu du "mundu osoko ikasleen lekukoa hartu" nahi izan duela Euskal Herrian, bertan ere kanpalekuak antolatuta.

"Palestinan sarraskia orain ari da gertatzen, eta orain egin behar diogu Israelen genozidioari aurre", aldarrikatu du: "Baina, hitz hutsaletatik urrun, ekidistantzia albo batera utzita, ezinbestekoa da Israelen desagerpena aldarrikatzea Palestinako lurren okupazioarekin amaitu nahi badugu, herri palestinarraren existitzeko eskubidea aldarrikatzea sionismoari berea ukatzean datza eta".

EZ DAGO IRUZKINIK