AKTUALITATEA / Langile kontrolpeko espazioak
Ehunka lagun mobilizatu dira Durangoko Gaztetxearen alde
Udalak Gaztetxea legez kontra desalojatu izana salatu dute, eta erruduntzat jo dute. Gaztetxearen aldeko borroka aldarrikatu dute berriz: "Antolatuz gero posible delako eta antolatuz soilik delako posible".
2024eko abenduaren 16
Ehunka lagun mobilizatu dira Durangoko Gaztetxearen alde

Urtebetez espazio baten alde lan egin ostean, Durangoko (Bizkaia) Kaletik Gaztetxera asanbladak abenduaren 6an birjabetu zuen lehen Correosek erabiltzen zuen eraikina, Gaztetxe bihurtzeko. Hasieratik ekin zieten elkarrizketei udalarekin, eraikin horretan Gaztetxea egonkortzeko asmoz, baina udal-gobernuak uko egin dio negoziatzeari: eraikina husteko prozesua hasi zuen, asanbladako bi kideren kontrako salaketa jarrita eta Poliziarengana jota.

Horren ondorioz, Gaztetxeko sarreran legez kontrako sarbide-kontrol bat ezarri zuen Ertzaintzak larunbat arratsaldean, eta barruan zeuden kideak ateratzera behartu eta gero, atzo eguerdian hustu zuten eraikina, sarraila aldatuta. Legez kanpoko desalojo bat izan zen, asanbladak azaldu duenez.

Atzo iluntzean, manifestazio jendetsu bat egin zuten Durangon: desalojoa salatu zuten, udalaren erantzukizuna seinalatu zuten eta Gaztetxe baten beharra azpimarratu zuten.