AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/07 11:38

Venezuelako herri langilearekin elkartasunez, hainbat mobilizazio izan dira Euskal Herrian azken egunetan. Besteak beste, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) deituta, ehunka lagun mobilizatu ziren aurreko larunbat arratsaldean hainbat hiritan, Venezuelaren aurkako azken eraso inperialista salatzeko. Kontzentrazioak 19:00etan izan ziren Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean; Baionan, aldiz, 17:30ean. Bertaratutakoek bandera gorriak eraman zituzten, eta pankartetan honako mezua irakur zitekeen: Eraso inperialistaren aurka, elkartasuna Venezuelako herri langilearekin.

Eraso inperialistaren kontra

EHKSk argi salatu zuen AEBek Venezuelan interbenitu izana. Antolakundeak azaldu duenez, "Amerikako Estatu Batuak, Trump presidentearen gidaritzapean, Venezuelaren aurkako eraso militarra gauzatzen ari dira", eta "narkotrafikoaren aurkako operazio baten aitzakiapean, Venezuelaren aurkako esku-hartze inperialista gauzatu eta eskuin muturreko erregimen morroi bat ezarri nahi dute".

EHKSren esanetan, "balizko erregimen aldaketarekin batera, AEBek Venezuelako petrolio erreserbak zuzenean eurenganatu nahi dituzte, ustezko demokraziaren izenean eta Venezuelako herri langilea odolustuz". Ohar baten bidez, EHKSk azpimarratu du "eraso militar inperialista berri hau" salatzen duela, eta gogor kritikatu du nazioarteko testuingurua: "Europar Batasuneko gobernuen zein Mendebaldeko komunikabide nagusien hipokrisia salatzen dugu, demokraziaren izenean Venezuelako herriaren kontra oligarkia inperialistaren estatu-kolpe hau babesten ari baitira".

Venezuelako herriaren erresistentziarako eskubidearen defentsa

"Testuinguru honetan funtsezkoa da Venezuelako herri langilearen erresistentziarako eskubidea babestea", EHKSren arabera. Era berean, nabarmendu du "orain Venezuelako herri langilearen erresistentzia-eskubidea babesteko unea" dela, eta uste du "herri langileak inperialismoaren eta faxismoaren aurrean bere antolakuntzarako eskubidea, instituzio propioak eta langileriaren interesak defendatu behar" dituela.

Halaber, AEBen eskutik etor daitekeen gobernu aldaketaren ondorioez ohartarazi du: "Argi dago Amerikako Estatu Batuen eskutik etorritako gobernu berriak erabateko atzerapausoa ekarriko lukeela Venezuelako langileriarentzat; multinazional yankien etekin pribatua handitzera bideratua, eskuin muturrekoa eta eskubide politiko oro ezabatuko lukeena". 

EHKSk, hala, bere jarrera politikoa berretsi du: "Venezuelan herri langileak hamarkadetan zehar eraturiko ehun militantea arriskuan dagoen honetan, horiekin guztiekin eta, oro har, langile-klase osoaren aldean lerratzen gara, inperialismo estatubatuarraren eta faxismoaren aurka".

EZ DAGO IRUZKINIK