Gaur arratsaldean, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) Leioako (Bizkaia) campusean bildu dira hainbat ikasle, unibertsitateko errektoretzak aurreko astean argitaratutako agiriari erantzuteko. Errektoretzak, errektoreordetzak, dekanoek, EHUko hainbat irakaslek eta zenbait ikaslek sinatu dute idatzia, Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde izenpean.
Ikasleek salatu dutenez, agiri horretan "adierazpen askatasuna eta balio demokratikoak" aldarrikatzen dira, batetik, eta "ikasle talde txikiak unibertsitateko elkarbizitza hausten ari direlako mamua zabaltzen da", bestetik. Gaurko agerraldian seinalatu dute, dena den, "errektoretzaren interes korporatiboen aldeko mugimendu bat" izan dela adierazpena, eta "unibertsitateko ikasle zein langileon aurkako eraso bat" dela funtsean.
EHU: unibertsitate-eredu poliziala
"Kontuan eduki behar dugu EHUn unibertsitate-eredu poliziala gailentzen ari dela eta errektoretza rol aktiboa betetzen ari dela prozesu horretan", seinalatu dute ikasleek. Horren adibidetzat jo dituzte, besteak beste, "propaganda egiteko eskubidea erasotzea, ikasleon espazio propioak ixtea, kontrol sozialean sakonduz segurtasun-enpresa pribatuan eta kameretan inbertitzea, politika egiteagatik ikasle ugariri espedienteak irekitzea, edota Poliziari unibertsitateko ateak irekitzea".
Beste adibide bat ematearren, agerraldian oso presente izan dute ikasleek otsailaren amaieran Gasteizko (Araba) campusean gertatutakoa: Herri Unibertsitatea hustea erabaki zuen EHUk, eta Ertzaintzak indarrez kanporatu zituen bertan zeuden ikasle guztiak. "Ikasleon pentsamendu kritikoa hedatzeko ekimen horren aurka, errektoretzak 50 ertzain baino gehiago unibertsitate barrura bidali zituen, bertan gaua pasatu behar zuten ikasleak kolpatzeko eta desalojatzeko", gogorarazi dute ikasleek. Azaldu dute, beste behin ere, errektoretzak uko egin ziola elkarrizketari: "Aterabide poliziala lehenetsi zuen eta, ondoren, ez zuen ez inolako adierazpen publikorik egin, ez eta inolako erantzukizunik bere egin ere".
Aurpegi zuriketa
Ikasleek nabarmendu dute errektoretzak "autoritarismoaren gorakadan dituen ardura eta erantzukizuna bere gainetik kendu" nahi izan dituela plazaratutako agiriaren bidez, eta "balio demokratikoen diskurtso oportunista bat" baliatu nahi izan duela bere "aurpegia zuritzeko". Horretarako, "errektoretza bera biktima bezala" aurkeztu nahi izan duela azaldu dute ikasleek, eta beldur bat sortu nahi izan duela ustez "unibertsitateko elkarbizitza suntsitzen ari diren ikasle talde txiki" batzuen inguruan. Eta "mamuak sortzeko" jokabide hori, hain zuzen ere, "eskuin muturraren ohiko jokabidea" dela ohartarazi dute.
Hori gutxi balitz, gaur elkartu diren ikasleek kritikatu dute EHUk sinadura bilketa bat jarri duela martxan, aipaturiko agiri erreakzionarioa zabaltzeko: "Bere izenean hitz egin beharrean, sinadura-kanpaina bat ireki du, sinatzaileen gainean jarriz errektoretzaren erabakien eta ekintzen ardura". "Horrelako agiri batekin, errektoretzak argi utzi du zein den bere borondatea: autokritika egin, bere ardura onartu eta ikasleok entzun beharrean, orain arte bezala, unibertsitate-eredu poliziala indartuz jarraituko du, unibertsitateko ikasleon eta langileon interesen aurka", gaineratu dute prentsaurrekoan.
EHU, sionisten konplize autoritarioa
Ikasleek kritikatu dute, bestalde, ez dela "harritzekoa" errektoretzaren idatzia aurreko astean argitaratu izana: "Egun batzuk lehenago jakin genuen EHUk, Israelgo estatu sionistarekin kolaborazioan, Zibersegurtasuneko Katedra sortuko duela eta, horrek sor ziezaiokeen irudi txarraren aurrean, errektoretzak bere aurpegia zuritu nahi izan du". "Agirian esandakoak baliorik gabeko hitz hutsak baino ez dira, Israelgo estatu sionistaren genozidioa salatu eta horren aurrean jarrera aktiboa eduki ordez, EHUko errektoretzak Israelgo estatuarekin akordioak egitea erabaki baitu", esan dute zorrotz.
Gogorarazi dute, gainera, "agerian geratu" dela "errektoretzaren jokabide ez-demokratikoa": "Klaustroko 128 kide Israelekin kolaboratzearen aurka agertu baziren ere, errektoreak bozketak baliogabetu zituen oposizioa bertan behera uzteko helburuarekin. Gogor salatu nahi dugu akordio hori eta bertan behera utz dezatela exijitzen dugu".
Ikasleak eta langile-sektoreak galtzaile
Harago ere joan dira ikasleak gaurko agerraldian, eta kezka adierazi dute "EHU hartzen ari den norabidea" dela-eta. "Unibertsitatean autoritarismoa eta eredu poliziala areagotzeaz gain, ikas- zein lan-baldintzak gero eta prekarioagoak dira", zehaztu dute: "Enpresen eta EHUren arteko lankidetza handitzeak horien interesak lehenestea ekarri du eta, merkantilizazioaren eskutik, unibertsitateko kideon egoera asko okertu da bertan: ordezko irakasleen soldatak oso baxuak dira, garbitzaileek baldintza kaskarretan jarraitzen dute lanean, gradu zein masterren garestitzea eta gastuei aurre egiteko zailtasun ekonomikoa gero eta handiagoa da, eta abar luze bat". Erantsi dutenez, "beti bezala, ikasleok eta langile-sektoreak gara galtzen ateratzen ari garenak".
Sinadura bilketa bat abian
Ikasleek aldarrikatu dute "askatasun politikoz jarduteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko espazio" izan behar duela unibertsitateak, "eta inola ere ez ikasleon iniziatibak eta ekimenak zapaltzeko espazio autoritario bat". Hala, sinadura bilketa bati ekin diote EHUn, bi aldarri oinarritzat hartuta: batetik, "Polizia unibertsitatera ez sartzea eta eskubide politikoak bermatzea, hala nola biltzeko edo propaganda egiteko eskubidea", eta, bestetik, EHUk "Israelekin duen harreman oro etetea".
Beraz, dei egin diete "exijentzia horiekin bat datozen EHUko ikasle, irakasle, ikerlari eta langile-sektore guztiei aldarrikapen horiek hedatzera eta adierazpen hau sinatzera". Laster emango dute atxikimendua emateko moduaren berri.