AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/26 12:05

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) Leioan (Bizkaia) duen campusean elkartu dira gaur unibertsitateko hainbat eta hainbat kide, unibertsitate eredu polizialaren kontra egindako kanpainaren emaitzen berri emateko. EHUko hainbat ikasleren ekimenez, eta unibertsitateak ikasle antolatuen kontra hasitako kriminalizazio-kanpainaren aurka, sinadura bilketa propio bat izan da martxan azken asteetan, bi aldarri nagusirekin: batetik, "Polizia unibertsitatera ez sartzea eta eskubide politikoak bermatzea, hala nola biltzeko edo propaganda egiteko eskubidea", eta, bestetik, EHUk "Israelekin duen harreman oro etetea".

Gaurko agerraldian jakinarazi dutenez, eta martxoaren amaieran aurreratu zuten modura, ikasleek egindako exijentzia horiek babes handia lortu dute unibertsitatean: EHUko 6.000 ikasle, irakasle, ikerlari eta bestelako langilek egin dute bat aldarriekin, ikasleek sortutako adierazpena sinatuta. "EHUko 6.000 kidek ez dugu Polizia unibertsitatera sartzerik nahi, eskubide politikoak bermatzea nahi dugu, [...] eta EHUk Israelekin duen harreman oro etetea exijitzen dugu", azpimarratu dute berriz agerraldian: "Beraz, orain, errektoretzak exijentzia horiek bere egiteko unea dela uste dugu".

EHUren kriminalizazio-kanpaina

Joan den martxoan, EHUko errektoretzak idatzi bat argitaratu zuen, Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde izenpean. Hainbat ikaslek salatu izan dutenez, EHUren agiri horretan "adierazpen askatasuna eta balio demokratikoak" aldarrikatzen dira, eta "ikasle talde txikiak unibertsitateko elkarbizitza hausten ari direlako mamua zabaltzen da".

Sinadurak biltzeari ekin zion errektoretzak, eskura dituen baliabide guztiak erabilita: komunikabideetako oihartzuna, babes eske masiboki igorritako e-mail mezuak... Hala ere, ikasleek gerora egindako aldarriek baino askoz ere babes txikiagoa lortu du EHUk: 2.000 sinadura lortu ditu, ikasleek eskuratutako 6.000 sinaduren aldean.

Askatasun politikoen eta pentsamendu kritikoaren berme

"Unibertsitate eredu polizialaren aurkako kanpainak garbi utzi du ikasleok ez dugula kriminalizazioan eta gezurretan oinarritutako errektoretzaren diskurtsoa erosten, eta asko eta asko garela unibertsitatea hartzen ari den norabide autoritarioarekin arduratuta gaudenak", nabarmendu dute gaurkoan.

"Orain errektoretzari dagokio EHUko 6.000 kideren aldarrikapenen norabidean lan egitea, argi gelditu baita eurek martxan jarritako kanpainak baino askoz ere babes handiagoa jaso dugula baliabide gutxiagorekin. Horrenbeste goraipatzen dituzten balio demokratikoak errespetatzen badituzte, behintzat, exijentzia horiek bete behar dituztela uste dugu", gaineratu dute.

Aldarrikatu dute, hala, unibertsitateak "askatasun politikoz jarduteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko espazio bat" izan behar duela, "eta inola ere ez ikasleon iniziatibak eta ekimenak zapaltzeko espazio autoritarioa".

EHU: autoritarismoa eta sionistekiko konplizitatea

Leioan egindako agerraldian gogorarazi dutenez, errektoretzak "bere gainetik kendu" nahi izan ditu "bai autoritarismoaren gorakadan bai Israelen zuriketan duen erantzukizuna". Seinalatu dute, batetik, "EHUn unibertsitate eredu poliziala gailentzen" ari dela eta errektoretzak "rol aktiboa bete" duela horretan, "Herri Unibertsitatean gertaturikoak nahiz ikasturtean zehar jasandako presentzia polizial itogarriak argi adierazten duten bezala".

Bestetik, ohartarazi dute "hasieratik Israelgo estatu sionistaren genozidioa salatu eta horren aurrean jarrera aktiboa eduki ordez, Tel Aviveko Unibertsitatearekin kolaboratzeko borondate osoa" erakutsi duela unibertsitateak; "orain, jasandako presioagatik, kontrakoa saldu nahi digun arren".

Ardurari uko

Horren guztiaren aurrean, "autokritika egin, bere ardura onartu eta EHUko kideok entzun beharrean", beste jarrera bat hartu du errektoretzak, gaurkoan salatu dutenez: "Komunikabideetan unibertsitateko elkarbizitza suntsitzen ari diren ikasle talde txikien mamua sortzen ahalegindu da, hainbat dekanotzaren laguntzarekin, kriminalizazio-kanpaina bat martxan jarriz". Sinadura bilketa bat abiatuta, gainera, "sinatzaileen gainean jarri nahi izan du errektoretzaren erabakien eta ekintzen ardura, horrela, fokua desbideratzeko eta bere aurpegia zuritzeko asmoarekin", agerraldian hitza hartu duten kideen esanetan.

Kezka EHUren norabidea dela-eta

"Kezkaz bizi dugu EHU hartzen ari den norabidea: unibertsitatean autoritarismoa eta eredu poliziala areagotzeaz gain, ikas- zein lan-baldintzak gero eta prekarioagoak dira bertan", adierazi dute, bestalde, gaurko prentsaurrekoan. "Enpresen eta EHUren arteko lankidetza handitzeak horien interesak lehenestea ekarri du eta, merkantilizazioaren eskutik, unibertsitateko kideon egoera asko okertu da: ordezko irakasleen soldatak oso baxuak dira, garbitzaileek baldintza kaskarretan jarraitzen dute lanean, graduen zein masterren garestitzea eta gastuei aurre egiteko zailtasun ekonomikoak gero eta handiagoak dira, eta abar luze bat", zehaztu dute. "Beti bezala, ikasleok eta langile sektoreak gara galtzen ateratzen ari garenak".

EZ DAGO IRUZKINIK