AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Eusko Legebiltzarra
2025/02/11 09:01

EH Bilduk aurreko asteburuan eman zuen bukatutzat bere hirugarren barne-kongresua, eta ebazpen nagusien artean dago apustu bat: zerrenda bateratuak osatzea Espainiako Estatuko eta Europako hauteskundeetara aurkezteko, EAJren eskutik besteak beste. Badirudi, dena den, jeltzaleek uko egin diotela eskaera horri, baita zeharka EH Bilduk interpelatutako beste talde parlamentario batzuek ere, hala nola Podemosek eta Sumarrek.

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) esan du ez dela "serioa eta koherentea" EH Bilduk egindako proposamena, eta ez duela begi onez ikusten "Madrilera eskutik helduta zoriontsu joatea, etxean jeltzaleak etsairik okerrenak garenean". Gainera, "konplizitateak ehuntzeko" bidean, EAJk beharrezkotzat jo du EH Bilduk "ekintzekin" erakustea "benetan akordioaren alde" dagoela. "Balizko edozein akordio testuinguru politiko baten barruan kokatu beharko litzateke, eta, batez ere, gaur egungoaren oso bestelako jarrera politiko baten baitan", gaineratu du jeltzaleen botere-organo nagusiak, EITBk jaso duenez. Ikusteke dago Arnaldo Otegi buru duen alderdia zertarako prest dagoen, EAJk egindako eskaeren aurrean. 

Eta, euskal burgesiaren ordezkari politiko nagusiak ez ezik, ematen du, momentuz, PSOEren itzalpean aritzen diren taldeek ere baztertu egin dutela hauteskundeetara EH Bildurekin batera aurkeztea. Podemosek Otegiri ohartarazi dio ez diola jarraitu beharreko "bide-orria markatuko", eta leporatu dio "zentro-eskuinerantz bira egiteko" apustu bat dela zerrenda bateratuena. "EH Bilduk Podemosen eredu sozial eta ezkertiarra kopiatu zuen interesatu zitzaienean, eta orain EAJren hautesleen zati bat erakarri nahi du, herritarren eskubide sozialen defentsa bigarren maila batean utziz", adierazi du alderdi moreak.

Sumarrek ere, oraingoz, ez du proposamena onartu, argudiatuz ez duela bere burua "salduko": "Sumar etxebizitza eskubidearen, zerbitzu publikoen, lan-eskubideen eta bidezko trantsizio ekologikoaren mugimendua da, eta euskal herritarrek saltzen ez den alderdi baten segurtasuna izan behar dute, kromo trukera jokatzen ez duena eta EAJrekin itsu-itsuan itunak egin nahi ez dituena". Eta seinalatu du, gainera, "tamalgarria" dela "EH Bildu EAJren besoetara botatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK