AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Anadolu/Getty Images
2024/09/25 15:12

Astelehenetik, Israelgo Estatu genozidak etenik gabe bonbardatu du Libano: badirudi gutxienez 600 pertsona erail dituela jadanik (gaur, momentuz, 22), eta ia 2.000 zauritu dituela. Eta ematen du, gainera, sarraskiarekin jarraituko duela: bonba bidezko beste eraso masibo bat hasi du azken orduetan, aste honetako hirugarrena.

Sionisten erasoek izugarrizko errefuxiatu-olatua eragin dute dagoeneko. Libanoko Gobernuak emandako datuen arabera, milioi erdi lagunek utzi behar izan dituzte euren etxeak azken egunetan, ihes egiteko; asko Libano hegoaldetik ari dira alde egiten. Sekulako kopurua da hori, Libanon 5,5 milioi pertsona bizi direla kontuan hartuta.

Bonbardaketez gain, posible da indar sionistek lurretik ere jotzea erasora, eta inbasioari ekitea: baliabide militarrak pilatzen ari dira Libanorekiko iparraldeko mugan, eta gaur esan dute brigada gehiago mobilizatzen ari direla hara. Agintaritza sionisten arabera, horrek ahalbidetuko die Hezbollahren kontrako "borrokekin jarraitzea", "Israelgo Estatua defendatzea" eta "Israel iparraldeko biztanleak euren etxeetara itzultzea"; itxura denez, Golango gainei erreferentzia eginda.

Irakeko miliziano batzuk (Kataib Hezbollahi) berriki saiatu dira Golango gainetan sionisten kontrako eraso bat egiten, drone bat bidalita (aurreko igandean ere halako hainbat eraso aldarrikatu zituzten Iraketik). Hainbat hamarkada dira Israelgo Estatuak militarki okupatuta daukala eremu siriar hori, eta zonalde erabat estrategikoa eta borrokatua izaten jarraitzen du eskualdeko gerra-frontean.

Hezbollahren erasoa Mosaden kontra

Asteazken goizean zehar, Libanoko miliziek 40 suziri inguru jaurti dituzte sionisten kontrolpeko eremuetara. Misil balistiko bat ere bota du Tel Aviv ingurura, jomuga argi batekin: Mosad zerbitzu sekretu sionisten egoitza (badirudi erasoa geratu dutela sionistek). Honakoa izan da, azken urtean, Hezbollahren eraso bat hain urrutira iristen den lehen aldia.

Israelgo Estatuak horren ondoren jakinarazi du "bonbardaketa hedakor" gehiago egingo zituela Libano hegoaldean eta Bekaa haranean, azken bi egunetan egin bezala. Maaysrah (Keserwan eskualdean) ingurua ere bonbardatu du aurreneko aldiz; gehiengoa kristaua da bertan.

EZ DAGO IRUZKINIK