AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/04 07:50

Beste behin ere, Euskal Herrian kaleak bete dituzte, Israelgo Estatu sionistaren suntsipena exijitzeko. Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta, mobilizazio erraldoi bat izan da eguerdian Iruñean (Nafarroa), 12:00etan Antoniuttitik abiatuta. 50.000 pertsona mobilizatu dira, hainbat hedabideren arabera.

"Gaurkoan oihu egin dugu palestinar erresistentziaren alde, horrek hartzen dituen forma guztietan; oihu egin dugu Palestina osoaren deskolonizazioa eta Israelgo entitate terroristaren desegitea mahaigaineratzeko, eta oihu egin dugu sionismoaren konplize ororen aurka", azaldu dute antolatzaileek. Horrez gain, babes osoa eman diete Global Sumud Flotillako kideei.

Palestinar erresistentziaren alde, Israelgo Estatuaren desegitearen alde

Plataformak gogorarazi duenez, "Palestinaz hitz egitea bere erresistentziaz hitz egitea da". Eta sakondu du: "Bere erresistentziarengatik ez balitz, proiektu sionista sortu eta mende bat beranduago, palestinar herria aspaldi legoke desagertua. Beraz, ez dugu onartuko Mendebaldeko gobernuek eta alderdiek kolonialismoaren aurkako erresistentzia kriminalizatzerik".

Horrekin batera, xehatu du "Israelen" desegitea exijitzen duela "herri palestinarraren askatasuna ezinbestean pasatzen delako lurraldearen deskolonizaziotik, eta hori aparatu politiko eta militar sionistaren desagerpenari lotuta dagoelako". Ohartarazi du azken urteek are argiago erakutsi dutela "Israelgo Estatu terrorista eta kolonialarekin ez dagoela elkarbizitzerik", eta faltsua dela bi estatu aldarrikatzen dituen aterabidea: "Historiari eta Israelen izaerari erreparatuta, bi estatuen irtenbidea iruzurra da. Israelgo Estatu kolonialak bizirik jarraitzen badu, herri palestinarra desagertuko da. Eta Palestina askatzen bada, Israelgo Estatuaren disoluzioarekin batera izango da".

Sionisten konplizeen kontrako borroka areagotzeko unea

Palestinarekin Elkartasunak beharrezkotzat jo du "konplize guztien aurkako borroka indartzea", eta aurrerapauso bat markatzeko beharra azpimarratu du. "Bada garaia, estatu terrorista desagerrarazteko bidean, Israelekin harreman oro eteteko; salerosketa-akordio oro, kirol-ekitaldi oro, harreman diplomatiko oro. Bada garaia CAFek bere kontratuak hausteko; Maccabi, Israel Premier Tech eta beste talde sionistak txapelketetatik kanporatuak izateko. Eta bada garaia Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietako instituzioek edo euskal unibertsitateek harreman komertzial, akademiko eta diplomatiko oro eteteko", defendatu du.

Horiek horrela, seinalatu du Europako hainbat gobernuk eta agintarik behartuta ikusi dutela euren burua "zenbait neurri iragartzera eta Palestinako Estatua aitortzera". Plataformak esan du "aurpegia garbitzeko eta protesta baretzeko hitz eta neurri hutsalak besterik ez" direla iragarpen horiek, baina Palestinaren aldeko mobilizazio zabalaren eta borrokaren emaitza direla. Hortaz, "presioaren intentsitatea biderkatzeko" momentua dela uste du.

Trumpen eta Netanyahuren planaren fartsa

Gaurko mobilizazioan, Palestinarekin Elkartasunak aipamen berezia egin dio "Trumpek eta Netanyahuk adostu eta Mendebaldeko gobernuek txalotu duten Gazarako planari". Hala argitu du: "Bake-akordio gisa saldu dutena Palestinaren zapalkuntza betikotzeko plana besterik ez da. Erresistentzia armagabetzea, indar palestinarrak gobernutik kanporatzea, Tony Blair bezalako gerra-kriminalei agintea ematea, eta milaka hilotzen gainean Gaza kapitalisten negozio-gune bihurtzea ez da bake-akordio bat, Palestinari azken kolpea ematea baizik". Salatu du "bi estatuen soluzioa aldarrikatzen duten berberek" onartu dutela plana orain, Espainiako eta Frantziako gobernuek kasu", eta aterabide horrek "Israeli denbora ematea" ekarri duela, "garbiketa etnikoa gauzatu dezan".

"Gainera, balantza mugitu eta egoeraren ardura erresistentziaren gain kokatu nahi dute, Israelen aurkako nazioarteko presioa baretzeko", gaineratu du: "Erresistitzen jarraitzen badute, haiek dira egoeraren errudun, eta Israelek Palestina suntsitzen jarraitzeko zilegitasuna izango luke".

Greba orokor bat antolatzeko deia

"Garai nahasi hauetan, ez da nahikoa gauzak ozen esatearekin. Mendebaldeko gobernuak Palestinaren defendatzaile gisa aurkezten ari diren honetan, gauzak argi esan behar dira", diote plataformako kideek. Argitu dute, hala, "genozidioaren amaiera" ez dutela ekarriko "nazioarteko komunitateari egiten zaizkion eskaera inpotenteek, Espainiako eta Frantziako gobernuen eta bere sostengu diren alderdien keinu hutsalek, ez eta agintarien adierazpen hipokritek ere".

"Genozidioaren amaiera palestinarrek aurrera eramandako borroka antikolonialaren garapenaren bidez etorriko da, eta honetan gure elkartasuna ezinbestekoa da. Genozidioaren amaiera estatu sionistaren eta bere oinarrian dagoen inperialismoaren kontrako antolakuntzaren bidez, mobilizazioaren bidez, eta konplize guztien aurkako boikotaren eta ekintza zuzenaren bidez etorriko da. Genozidioaren amaiera palestinar erresistentziaren eskutik etorriko da, hartzen dituen adierazpen guztietan, eta klase eta herri zapalduen arteko antolakuntza internazionalistaren eskutik etorriko da", laburbildu dute.

Bide horretan, "egoeraren larritasuna eta Palestinarekiko elkartasuna izaten ari den indarra ikusita, aurrerapauso bat emateko ordua dela" nabarmendu du plataformak. "Euskal Herrian greba orokor bat antolatzeko beharra plazaratu nahi dugu, eta sindikatuei ere horretarako deia egiten diegu. Orain da garaia Israelen ete bere konplizeen kontrako presioa biderkatzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK