AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gernika Palestina
2025/10/07 09:17

Hainbat sindikatuk hiru orduko lanuzte batera deitu dute urriaren 15erako, Hego Euskal Herrian. Berria-ri eskainitako elkarrizketa batean, eta Palestinaren aldeko mobilizazioak areagotzen ari diren testuinguru batean, EAJko buru Aitor Estebanek adierazi du bere alderdiak ez duela ekimena "babestuko".

Horretarako arrazoi batzuk aipatu ditu: lanuztea "gehiegizkoa" dela uste dute jeltzaleek, eta "kaltea" eragingo diola "gure ekonomiari". "Kaltea dakar lanuzteak; ematen du gure egunerokotasunaz ari garela eta ez Gazako herritarrenaz", dio Estebanek elkarrizketan. Eta gaineratzen du: "Hilaren 15ean ez dakit nola egongo den auzia, baina Hamasek egin dioten proposamena onartu ala ez, deialdi hori neurriz kanpokoa da [...] Protestak bai, baina neurriz hartu behar dira erabakiak".

Azken hilabeteetako ohiko tonuan, EAJk protestak gutxietsi ditu: "Batzuek pentsatuko dute igual hemen egindako horrelako ekintza batekin geldi daitekeela Gazakoa [...] Nazkatuta gaude ikusten ditugun irudiekin, baina pentsatzeak hiru orduko grebak eragina izango duela horretan...". 

Gernika-Palestina ekimenaren deialdiak babestu dituen arren (EH Bildurekin, PSE-EErekin eta Podemosekin batera hainbat kasutan), Palestinaren aldeko mobilizazioa seinalatzen eta kriminalizatzen segitzen du EAJk (hala egin zuen Vueltako protesten harira adibidez). Gainera, Israelgo Estatuarekin negozioak dituen CAF enpresa erraldoia babesten jarraitzen du. Hala esan zuen Imanol Pradales lehendakariak joan den hilean: "CAFek hartuko duen erabakia errespetatuko dugu, Jerusalemgo tranbia eraikitzeko kontratuarekin jarraitzea ala etetea izan". CAFeko zuzendaritzak berriki defendatu ditu negozio horiek, esanez tranbiaren proiektuak ez duela "giza-eskubiderik urratzen", sionisten okupazio-koloniak lotu eta sendotuko dituen arren.

EZ DAGO IRUZKINIK