AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/29 12:13

Gasteizen (Araba) agerraldi bat egin dute gaur Euskal Herriko espetxeetan gatibu dauden hainbat preso politikoren senideek eta lagunek. Jakinarazi dute urratuak izaten ari direla presoen hainbat oinarrizko eskubide, eta helburu argi batekin ari zaiela "salbuespenezko trataera bat" ezartzen: "Presoen eta haien gertukoen jardun politikoa zigortzea eta antolakuntza politikoa saihestea".

Aste honetan bertan atera da argitara hamalau preso politikok idatzitako gutun bat, jakinarazteko bisitak jasotzeko eskubidea ukatzen ari direla hainbat presori. Eta Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen eskumena lortu zuenetik ari da hori gertatzen. "Hamarnaka bisita-eskaera bota dituzte atzera kartzeletako zuzendaritzek, EAEko kartzelen Analisi eta Inspekziorako Zerbitzuak eta Ertzaintzak jasotako informazioak eta aginduak oinarri hartuta", azaldu dute gaurko agerraldian.

Arrazoi politikoak

Bisitak ukatzeko arrazoia "eskatzailearen eta presoaren ideologia edo militantzia politikoa" direla argitu dute, martxoan ere salatu zenez. Izan ere, ebazpen-agiri bat filtratu zen duela zenbait hilabete, eta honela zioten bertan Eusko Jaurlaritzaren Bulego Nagusitik: "________ [bisitaria izango litzatekeena] ildo ofizialaren aurkako taldeei lotuta dago, horiek konfrontazio estrategiaren aldekoak direlarik, eta eskaera egin duen presoarekin profil hori partekatzen du".

Kartzeletako zuzendaritzak, Jaurlaritza eta Espainiako Auzitegi Nazionala, eskutik

Urraketa horien kontra, hainbat presok jarri dituzte salaketak eta kexak Ikuskaritza Penitentziarioko Epaitegian. Gaurko agerraldian xehatu dutenez, ordea, "Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek kartzelako zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren neurri zigortzaileak babestu dituzte, segurtasunaren eta kartzelako ordenaren izenean".

Jaurlaritza bisitak debekatzeko ematen ari den arrazoia "presoa zein eskatzailea Ezker Abertzalearen ildo ofizialarekiko kritikoak eta konfrontazio estrategien aldekoak izatea" da. Ohartarazi dute jarrera hori "babesten" ari dela Espainiako Auzitegi Nazionala, "esanez justifikatuta dagoela bisitak ukatzea damuketen aurkakoak eta borrokaren aldekoak diren postulatu ideologikoak babesten dituzten presoen eta bisitarien kasuan".

Zigor gehiago, bisitak debekatzeaz gain

Presoen senideek eta lagunek esan dute, gainera, bestelako zigor batzuk ere ari zaizkiela jartzen hainbat presori, hala nola "kultur- eta kirol-ekitaldietan parte hartzeko mugak". "Presoen posizionamendu ideologikoaren arabera, kartzela barruko ekimenetan parte hartzeko trataera desberdinak aplikatzen zaizkie, presoen arteko bereizketak bultzatzeko eta eskubide desberdintasunak sortzeko", seinalatu dute.

Hori gutxi balitz, debeku hori ez diete preso politikoei soilik jarri. "Ekimen horiek aurrera eramateko asmoz kartzelara joatekoak ziren hainbat kulturgileri edo kirolariri ere sarrera ukatu zaie arrazoi berberengatik", salatu dute prentsaurrekoan.

Presoen izaera politikoari ukoa

Uste dute "Eusko Jaurlaritza aplikatzen ari den trataera baztertzaile honen helburua" dela "presoei borrokarako eta antolatzeko baldintzak ezabatzea". Eta hori, hain justu, bi modutan egin nahi dute agintaritzek, agerraldian bildu direnen esanetan: "Batetik, haien izaera politikoa ukatuz, sumisioko bide bat jarrai dezaten. Bestetik, kalean borrokarako hautua egiten dutenekin komunikazioak moztuz, egungo egoera politiko eta sozialaren berri zuzenik jaso ez dezaten".

Hortaz, EAJren eta PSE-EEren gobernuari exijitu diote "aipatutako salbuespen- eta bazterketa-neurriak alde batera utz ditzala". "Gainontzeko alderdi politikoei ere haien isiltasun konplizea apurtu eta tratu baztertzaile horren aurkako jarrera irmoa adierazteko eskatzen diegu", gaineratu dute presoen senideek eta lagunek.

"Espainiako Estatuak ezartzen zuen dispertsio-egoera amaitu bada ere, Euskal Herriko kartzeletan zapalkuntzak eta presoen aurkako xantaia politikoak indarrean jarraitzen dute", nabarmendu dute: "Guk argi dugu preso politikoen askatasuna ez dela etorriko haien izaera politikoa ukatzetik, antolakuntzaren eta borrokaren eskutik baizik".

EZ DAGO IRUZKINIK