AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/30 10:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 18 eta 34 urte arteko pertsonen egoera ekonomikoa aztertu du Gazteen Euskal Behatokiak, soldatapeko lanari eta emantzipazioari dagokienez, besteak beste. Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2023 eta Euskadiko gazteak lan-merkatuan. 2023ko Lan Merkatuaren Zentsuaren azterketa txostenak aurkeztu ditu berriki, eta azken datuek gazteen egoera pobretua atera dute argitara beste urte batez.

Etxebizitza bat erosteko aukera izan duten gazteen kasuan, 2023an, ikaragarria izan zen hilabetez hilabete hipoteka ordaintzera bideratu behar izan zuten soldata-portzentajea: %64, batez beste. Badirudi 30 eta 34 urte arteko pertsonen artean dela nagusi egoera hori, eta Behatokiak argi dio: "Merkatu libreak 30 eta 34 urte bitarteko pertsonak gainzorpetze egoeran jartzen ditu". Dena den, alokairura jo behar dutenen kopurua etengabe hazten ari den honetan, 2023an EAEn alokairuan bizi ziren gazteek soldataren erdia gastatu behar izan zuten hura ordaintzen: %49,5 hain zuzen ere.

1.500 eurotik beherako soldatak

Behatokiak mahaira ateratako datuek erakusten dute zer nolako soldata baxuak dituzten gazteek: 2023an, behintzat, laurdenak besterik ez zeukan 1.500 eurotik gorako soldata bat. Alegia, hiru laurdenek zeukaten 1.500 eurotik beherako soldata bat. Bestalde, iaz langabezian zeuden gazteen artean, soilik %17,9k jaso zuten nolabaiteko dirulaguntza publikoren bat.

Lan-kontratu motari dagokionez, badirudi iaz gazteen %60 inguruk zeukatela kontratu mugagabe bat, eta %15 hazi zela kopuru hori 2021 eta 2023 artean. Dena den, askok ohartarazi izan du kontratu mugagabeei buruzko estatistiken iruzurraz. 2024ko martxoko datuetan ikus zitekeen, esaterako, Hego Euskal Herrian kontratazio mugagabea hazi egin zela, baina sinatutako kontratu gehienak aldi baterakoak zirela: lautik hiru. Martxoan Espainiako Estatuan sinatutako kontratu guztien %20 baino ez ziren lanaldi osoko kontratu mugagabeak, eta gainerako %80 aldi baterakoak, lanaldi partzialak eta aldizkako finkoak ziren.

Emakume langileen egoera, are latzago

Gazteen Euskal Behatokiak, gainera, emakume langileen egoera zailari egin dio azpimarra: soldata baxuagoak eta orokorrean lan-baldintza okerragoak dituzte, eta horrek are gehiago ezintzen du euren emantzipazioa. Erregistro ofizialen arabera, 2023an gizon gazteen %45,1 eta emakume gazteen %38,3 zeuden enplegatuta, baina behin-behinekotasuna eta lanaldi partzialak ohikoagoak ziren emakumeen artean. Soldaten arteko desberdintasunak ere antzematen ziren iaz, 1.500 eurotik gorako ordainsariak izan zituzten beharginen artean, %4 gehiago baitziren gizonezkoak.

EZ DAGO IRUZKINIK