AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/07/03 11:27

Uztailaren 14tik 16ra bitartean, asteartetik ostegunera, Gazte Sozialiston Martxa egingo dute Durangaldean (Bizkaia). Hiru eguneko egitaraua prestatu dute Gazte Koordinadora Sozialistako eta Ikasle Abertzaleako kideek, eta jakinarazi dutenez, Elorrio (Bizkaia), Otxandio (Bizkaia), Abadiño (Bizkaia) eta Durango (Bizkaia) zeharkatuko dituzte martxan.

Elorrioko plazan hasiko dute ibilbidea gazteek, hilaren 14an, 09:30ean. Elorriotik Otxandiora mugituko dira egun horretan, eta 19:00etan, Otxandion hitzaldi bat eskainiko dute GKSko kideek: Gazte subjektibitatea botere burgesaren baitan. Analisia eta borrokarako tresnak. Afaldu ondotik, gaubela ere izango da.

Hurrengo egunean, hilak 15, Abadiñorako bidea hartuko dute. Han bazkalduko dute, eta 17:00etan hasita, Hezkuntzaren funtzioak eta borrokarako zenbait gako hitzaldia emango dute IAko kideek. 21:00etan izango da afaria, eta 22:00etan, Zigor Garrok hartuko du hitza, Militante baten ibilerak hitzaldian.

Ostegunean, hilak 16, Abadiñotik Durangora joango dira. 12:00etan Prozesu sozialistari ekarpena Euskal Herritik hitzaldia izango da Durangon, Kolitzaren eskutik. Bazkariaren ostean, 17:00etan emango dute amaitutzat Durangaldeko Gazte Sozialiston Martxa.

Izen-ematea zabalik

Martxarako izen-ematea ireki dute jada IAko eta GKSko kideek, eta azaldu dutenez, zuzenean haiekin harremanetan jarrita edo gaztesozialistonmartxa@gmail.com e-mail helbidera mezu bat bidalita eman daiteke izena.

Bestalde, gogorarazi dute lo-zakua, esterilla eta lehen eguneko bazkaria eraman beharko direla.