AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/07 09:54

"Borrokak merezi du". Aldarri horrekin jakinarazi du Donostiako (Gipuzkoa) Kontseilu Sozialistak hitzarmen bat lortu duela, bertako Zentro Sozialista hainbat urtetarako egonkortzeko. Zentro Sozialistaren aurkako prozedura judiziala bertan behera geratzea lortu dute Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak: hitzarmen baten bidez, espazioan jarraitu ahal izateko berme idatzi bat eskuratu dute, eta Sukiak Zentro Sozialista husteko prozedura etetea lortu dute.

Sukiaren jabetzakoa da eraikina. Donostiako Kontseilu Sozialistak apirilean jakinarazi zuen espazioa birjabetu eta Zentro Sozialista bilakatu zuela, "antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa". Sukiak, dena den, Zentroa husteko prozedura judiziala jarri zuen martxan. Horri lotuta, bista bat zegoen deituta Donostiako epaitegian abenduaren 1erako, azaroaren amaieran argitara eman zutenez.

Azken asteetan, baina, gogor egin dio presioa Sukia enpresari Donostiako Kontseilu Sozialistak, Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitatearen eskutik, desalojo prozedura bertan behera utz zezan. Protesta-ekintza ugari izan dira: elkarretaratze bat Sukiaren egoitza nagusian, seinalatzeak enpresaren hamaika egoitzatan eta propaganda-taulatan... Euskal Herri osoan barrena erakutsi diote elkartasuna Donostiako Zentro Sozialistari, eta Gaztetxe eta espazio ugarik eskatu dute bertan behera gera zedin Zentro Sozialistaren desalojoa.

Azkenean, Sukiak Zentro Sozialistaren kontrako prozedura geratzea lortu dute, eta, hortaz, bertan behera geratu zen abenduaren 1eko bista ere.

Antolakuntzarako eta autodefentsarako espazio bat

Hitzarmen berriarekin, Zentro Sozialistako jardunarekin jarraitzeko bermeak lortu dituzte, Donostiako Kontseilu Sozialistaren esanetan. Agerraldi baten bidez jakinarazi dute berri pozgarria Kontseilu Sozialistako kideek, espazioa erabiltzen duten kolektiboetako hainbat kiderekin batera. "Zentro Sozialistak langileriari irekitako espazioak dira, hala nola, proletalgoarentzat baliabideak ematen dituena edota sozializatzeko espazioak eskaintzen dituena", ekarri dute gogora.

Askotarikoa da azken hilabeteetan Donostiako Zentro Sozialistari emandako erabilera. Aholkularitza eta babesa emateko bulegoak ireki dituzte bertan Donostiako Etxebizitza Sindikatuak eta Laneko Autodefentsa Sareak, eta elkartzeko eta jardun politikorako gune bat bihurtu da espazioa hainbat antolakunde politikorentzat: formakuntza saioak, hitzaldiak, aurkezpenak... Horretaz gain, "diruaren logika baztertzailetik kanpo", Zentro Sozialistan doako baliabideak eta zerbitzuak eskaintzen dituzte; hala nola, klase partikularrak eta kirol entrenamenduak. Hiritarron Harrera Sareak ere erabiltzen du espazioa, arropa banaketak egiteko besteak beste.

Hainbat ekimen abenduan zehar

"Egia auzoan dagoen Zentro Sozialistaren aurkako prozedura judiziala gaindituta eta datozen urteetarako bermeak lortuta", egitarau zabal antolatu dute abendurako Kontseilu Sozialistako kideek. Espazioa egokitzeko lan-egunak izango dira datozen asteetan, zehazki hilaren 10ean eta 17an, eta askotariko eskaintza ere edukiko dute: Egiako Gaztetxeei buruzko erakusketa bat, magia ikuskizun bat, bakarrizketak, etxegabetzeei buruzko saio bat, kirol ikuskizun bat, solasaldi bat Ramon Agirrerekin, Harkaitz Canoren azken liburuaren aurkezpena, eta abar.

Zentro Sozialista gehiago

Donostiako Zentro Sozialistaren egonkortzearekin, gero eta gehiago dira Euskal Herrian martxan diren Zentro Sozialistak: hala nola, Esklabak Zentro Sozialista Azpeitian (Gipuzkoa), Etxape Zentro Sozialista Zumaian (Gipuzkoa), Goierriko Zentro Sozialista Beasainen (Gipuzkoa), Zubietako Zentro Sozialista Bergaran (Gipuzkoa)...

EZ DAGO IRUZKINIK