AKTUALITATEA / Gerra
Dirua eskainiz militar gehiago lortzeko planari ekin dio Alemaniak
80.000 soldadu gehiago nahi ditu gobernuak, eta ez du baztertzen derrigorrezko soldadutza ezartzea, nahikoa boluntario lortzen ez badu.
2025eko abuztuaren 28
Dirua eskainiz militar gehiago lortzeko planari ekin dio Alemaniak
— ARGAZKIA Yauhen Yerchak/Zuma Press/ContactoPhoto

Armada indartzeko plana onartu zuen atzo Alemaniako Gobernuak, aktibo egongo diren 80.000 soldadu gehiago lortu eta, denera, 260.000 izan daitezen. Plan militarra justifikatzeko, Errusiari aurre egiteko beharra argudiatu du Alderdi Sozialdemokratak (SPD) gidatutako gobernuak.

"Jende gazte gehiago erakarri nahi dugu, prestakuntza eta ordainsaria erakargarriago eginez", zioen atzo Defentsa ministro Boris Pistoriusek. Hain zuzen ere, hilean 2.000 euro garbiko soldata bat eskainiko diete errekrutei, eta osasun-arreta oro ordainduko die gobernuak. Horrela lortu nahi du 15.000 errekruta boluntario erakartzea eta, hala, indartze-plana martxan jartzea.

"Beste herrialde batzuetako esperientziak, hala nola Suediakoak, erakusten du posible dela erakargarritasuna hobetuz armada haztea", gaineratu zuen Pistoriusek. Dena den, gobernuak ez du baztertu derrigorrezko soldadutza berrezartzea, nahikoa boluntario batzen ez badira. 2011n geratu zen bertan behera derrigorrezko soldaduska.