AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/18 10:50

Hamazazpi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan eta Errioxan, "legez kontrako immigrazioa eta dokumentuak faltsutzea" leporatuta. Iruzur-sare bat osatzen dute atxilotuek, eta migratutako pertsonen egoera zaurgarriaz probestu dira, milaka eta milaka euro irabazteko: beharrezko hainbat agiri lortzen dizkiete, hala nola bizileku-baimenak, izugarrizko diru-kantitateen truke.

Sareak jatorri marokoarreko migratzaileei egin die iruzur. Bizileku-baimenak edo lan-kontratuak behar dituzten pertsonak identifikatu eta haiengana jotzen dute, diru truke, haientzako agiri horiek eskuratzeko. Horretarako metodoa ondokoa da, itxura denez: lan-kontratu faltsuak egiten dizkiete, horien bidez, bizileku-baimenak eskatzeko. Bilboko (Bizkaia), Donostiako (Gipuzkoa), Logroñoko (Errioxa) edota Burgosko (Gaztela eta Leon) atzerritartasun-bulegoetan egin omen dituzte baimen eskaerak iruzurgileek, enpresa baten izenean antza.

Tramite horiengatik, iruzur-sareak 10.000 eta 14.000 euro artean kobratzen dizkie pertsona migratuei. Hasieran 2.000 euro ordaindu behar dituzte biktimek, eta gainerako guztia, berriz, behin bizileku-baimenak lortzean.

Dirudienez, 2023an hasi zen sare horri buruzko ikerketa. Aipatutako enpresak bizileku-baimen ugari eskatu zituela ikusita piztu omen ziren susmoak.

EZ DAGO IRUZKINIK