AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irekia
2025/09/02 15:28

EAEko Poliziaren eta larrialdi-zerbitzuen akademian, Arkauten, aldatu egingo dute zuzendaritza. Orain arte akademiako zuzendari izandako Miren Dobaranek (Bingen Zupiriaren konfiantzazkoa) eta bere eskuineko eskuak, administrazioko eta zerbitzuetako zuzendari Amaya Angulok, ez dute urte bat ere bete agintean. Hala ere, abuztuaren hasieran eman zuten dimisioa gutun baten bidez, eta Eusko Jaurlaritzak ez du azalpenik eman horren inguruan.

Idatzian, markatutako helburuak betetzat jotzen zituzten Dobaranek eta Angulok, eta uko egiten zioten euren karguetan jarraitzeari. Adierazi zuten euren helburua zela polizia-agenteei eta larrialdietako langileei "bikaintasunezko" formakuntza eskaintzea, eta lortu dutela jada "eraldaketa" horretarako "faseak hastea".

Dobaranek eta Angulok aurreko uda bukaeran hartu zituzten euren karguak, eta hainbat hipotesi egon litezke haien dimisioak arrazoitzeko. Noticias de Gipuzkoa-k, adibidez, iradoki du Ertzaintzako eta udaltzaingoetako azken oposizioko suspentso masiboa izan daitekeela dimisioaren arrazoia (%90ek suspenditu zuten); edo baita zuzendaritzak "erresistentzia modukoren bat topatu izana" ere. El Correo-ren arabera, galdekatutako iturri guztiak "bat datoz" esatean "talka egin" dutela "Dobaranen taldeak eta Arkauteko eta Segurtasun Saileko botere-talde jakin batzuek".

Dena den, egunkari berak gaineratzen du Poliziako "iturri sindikalek" diotela "hurbil" egon direla Dobaranengandik, Arkauteko azken zuzendariengandik baino gehiago. El Correo-k jaso duenez, zuzendariak "aldaketa batzuk sartzea proposatu" zuen, itxura denez Poliziako "sindikatuek" begi onez ikusten zituztenak; baina, "hilabete batzuk geroago, akademian urteak daramatzaten arduradun batzuen gaitzespenarekin topo egin zutenak". Dobaranek "polizia-ordezkari batzuekin ika-mikaren bat" izan zuela ere jakinarazi du hedabideak.

Dobaranen eta Anguloren dimisio-gutunean, ordea, ez da halakorik aipatzen, eta Jaurlaritzak ez du adierazpenik egin. Barne Sailak aurreko hilean esan zuen bakarra izan zen aurreikusita zegoela aldaketa eta irailean gauzatuko dela, eta Dobaranek eskatu zuela zuzendaritzatik kentzeko. Oraindik ez dute zehaztu nor izango den bere ordezkoa.

EZ DAGO IRUZKINIK