Desokupazio-enpresen presentzia salatzen jarraitzen du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Aurreko astean DesokupaCyLek Bizkaian hiru aldiz esku hartu zuela jakinarazi ostean, Gasteizko (Araba) kasu baten berri eman dute bertako kideek: erdigunean, Artiumetik hurbil, adingabe bat duen familia bati jazartzen ari zaio Desokupación Legal taldea, hura etxegabetzen saiatzeko.
"Etxebizitzaren jabeak, iruzurra egiten ari denez, ezin du familia legez kaleratu, eta horregatik Desokupación Legal izeneko enpresa kontratatu du familia kikildu eta etxebizitza uztera behartzeko", azaldu du sindikatuak. Desokupek aurreko astean jo zuten lehenengoz familia horren aurka, baina ohartarazi dutenez, berriz itzuliko dira. Horiek horrela, familia babesteko eta desokupazio-enpresei aurre egiteko konpromisoa erakutsi du sindikatuak; eta larrialdietarako telefono-zenbaki bat (632 73 72 28) ipini du martxan, talde faxista horien biktimek edo desokupak ikusten dituztenek erabili ahal izateko: "Desokupak gertu ikusten badituzu, deitu".
Desokupazio-enpresen presentzia "gero eta ohikoagoa" dela ohartaraziz, "inpunitate osoz" jarduten dutela salatu du sindikatuak; "Poliziaren eta estatuaren onespenarekin, eta hedabideek zein sare sozialek anplifikatuta". "Zaurgarritasun-egoeran" dauden pertsonez eta familiez baliatuz, "faxismoaren eta diskurtso antiprolerarioen" mezuak zabaltzen dituzte talde horiek, sindikatuaren esanetan; eta "langile-klasearen kriminalizazioan eta familia langileen aurkako praktiken normalizazioan" betetzen duten rola nabarmendu du.
Dei egin du, beraz, desokupei kontra egitera, gogoraraziz "sindikatua eta bizilagunak tartean egon diren guztietan, desokupazio-enpresek ez dutela lortu familia haien etxetik botatzea". Eta gaineratu du: "Antolatuta gaude eta argi esaten dugu; berriz etortzen badira, aurrean izango gaituzte". Horrekin batera, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrilaren 31rako antolatu dituen manifestazioetan parte hartzera deitu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, beharrezkotzat jo baitu "faxismoaren gorakadari aurre egitea, bai esparru ideologikoan bai gure hirietako auzoetan eta kaleetan".