Gerra-hotsak entzuten dira Europan ere. Gastu militarrak etenik gabe egin du gora 2014tik eta, orain, derrigorrezko soldaduska berreskuratzeko proposamenak mahaigaineratu dituzte zenbait gobernuk. Hainbat dira derrigorrezko "zerbitzu militarra" mantendu edo berreskuratu duten herrialdeak, besteak beste, Austria, Danimarka, Letonia, Lituania, Norvegia eta Suedia. Baina zerrenda handitzeko asmoa dute orain hainbat herrialdek.
Erresuma Batuan, esaterako, hauteskundeak egongo dira uztailaren 4an. Rishi Sunak kontserbadorearen gobernuak "Derrigorrezko Zerbitzu Nazionala" ezarri nahi du, 18 urte betetzen duten gazteek armadan behartuta parte har dezaten. Toriek hauteskundeak irabaziz gero, urtebete emango dute 18 urteko gazteek indar armatuan. Gazteek, ordea, ez dute armadare parte izan nahi: inkesta baten arabera, 18 eta 24 urte arteko gazteen %10ek bakarrik babesten dute soldadutza. 65 urtetik gorakoen artean, aldiz, %46k ematen diote babesa.
Alemanian ere derrigorrezko soldaduska ezartzeko asmoa adierazi du Boris Pistorius Defentsa Ministerioko buruak. Haren arabera, herrialdeak "militar defizita" du, eta soldadu kopurua handitu nahi du. Gaur egun, 180.000 soldadu dira Alemanian, eta ia %30 handitu nahi du kopuru hori: osotara, 230.000 militar nahi ditu gobernuak.
Frantziako eta Espainiako estatuetan ere, mahai gainean
Espainiako eta Frantziako estatuek ere behartutako "zerbitzu militarra" inposatzeko aukera atera dute mahaira. Lehenengoak, antza denez, 19 eta 25 urte arteko gazteak soldadutzara deitzeko gaitasuna du jadanik eta, horretarako, kongresuari "baimena" eskatzea besterik ez du egin behar. Egun 120.000 soldadu eta 8.000 erreserbista ditu Espainiako Armadak.
Frantzian, aldiz, derrigorrezko zerbitzu militarra berreskuratu nahi omen du Emmanuel Macronek. "Nazioaren batasuna" indartzeko helburuz, lau asteko "zerbitzu zibikoa" ezarri zuen estatuak 2019an, eta hura indartzeko asmoa erakutsi du presidenteak.
Gastu militarrak gora egin du Europan
NATOk helburu argia ezarri zien erakunde atlantistan parte hartzen duten Europako estatuei: herrialde bakoitzeko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2 edo gehiago hartu behar du gastu militar ofizialak. Helburu hori 2014an ezarri zuen NATOk, Ukrainako gerratzat jotzen dena piztu zen momentuan, alegia. Atlantisten gastu militarrak gora besterik ez du egin momentu horretatik.
Estokolmoko (Suedia) SIPRI ikerketa-institutuaren arabera, 2014. eta 2022. urteen artean, %62 igo da Europar Batasuneko (EB) herrialdeen gastu militarra. Baina igoerarik handiena azken urteetan jazo da, izan ere, EBko kideek %16 igo zuten defentsari lotutako aurrekontua 2023an. Osotara, iaz 552.000 milioi euro xahutu zituzten horretan.
Europaren erdialdeko herrialdeak dira gastua gehien handitu dutenak. Poloniak BPGren %4 "defentsara" bideratzeko helburua ezarri zuen eta, 2023ko datuei erreparatuz gero, hori lortzetik gertu dago: %3,8ra iritsi da. Baina, Polonia ez ezik, mendebaldeko estatuek ere gastu militar ofiziala handitu dute: Alemaniak %48 igo du 2014. urtetik, eta Erresuma Batuak BPGaren %2,3 gastatu zuen horretan iaz.
Derrigorrezko soldaduska indarrean sartuz gero, "defentsa-aurrekontuak" are gehiago loditu beharko dira. Zehaztu gabe dago horren bolumena, baina Erresuma Batuak urtean 3.000 milioi euroko gastua aurreikusi du jadanik. Alemaniako Defentsa Ministerioak, berriz, ohartarazi du 100.000 euroko "funts berezi bat" gehitu beharko litzaiokeela, errekrutatzeko programari bideratuta.
Arku parlamentarioek aho batez onartu dute neurria
Erresuma Batuko Alderdi Laboristako kideek, bortxazko soldadutza berrezartzeko asmoa kritikatu baino, seinalatu dute armada "hustu" eta "kaltetu" egin dutela azken urteetan. Bestalde, Alemanian, modu batera edo bestera, derrigorrezko soldaduska berreskuratzeko beharra nabarmendu dute bai SPDko sozialdemokratek, bai CDUko kontserbadoreek, bai Berdeek, bai liberalek.