Aurten ere migrazio-politikak gogortzen jarraituko du Europar Batasunak. Barne eta Migrazio komisario Magnus Brunnerrek hala iragarri zuen atzo, Varsovian egindako adierazpenetan, jakinarazi baitzuen lege berri gehiago prestatzen ari dela Batasuna, eta datorren martxoan emango duela horien berri. Norabidea argi dago: azken neurriek ezarritako lege-esparrua indartzea eta "migratzaile irregularrak" deportatzeko erabakiak modu eraginkorragoan betearazi ahal izateko esku hartzea.
Brunnerrek dio lege berriek "anbizio handikoak" izan behar dutela "egungo erronkei aurre egiteko", eta politikari profesionalen artean nahiz jendartean ohikoa bihurtu den aitzakia bat berretsi du, pertsona migranteen kontrako neurriak justifikatzeko: "segurtasuna". Adierazi du ustezko segurtasuna "ezinbestekoa" dela "botere ekonomikoa, ongizatea eta lehiakortasuna garatzeko", eta horrekin lotu nahi izan du migrazio-politiken gogortzea.
Legeria berriarekin, Bruselak deportazioak azkartu eta hedatu nahi ditu. Brunnerren arabera, helburu nagusietako bat izango da, "norbaiti Europako estatu batetik alde egiteko agintzen zaionean", modu eraginkorrean deportatuko dutela ziurtatzea. Bai eta, gero, "Batasuneko beste estatu batean sartzen ez uzteko" neurri eraginkorrak betearaztea ere. "Herrialde batean geratzeko ezezkoa jasotzen baduzu, zergatik utzi behar zaizu berriro beste herrialde batean saiatzen?", esan du komisarioak. Migranteen aurka jarduteko estatu kideen artean dagoen lankidetza ere indartu nahi du Batasunak, herrialde batean asiloa ukatu dieten pertsonek ez dezaten aukerarik izan beste estatu batean asiloa eskatzeko.
Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna
Europar Batasunak aurreko urtean bertan onartu zuen Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna, zortzi urtez luzatutako eztabaiden ostean. Horrekin, pertsona migratzaileen aurkako hainbat praktika legeztatu eta mugetako kontrolak zorrozteaz gain, deportazioak azkartzea eta estatu kideen arteko elkarlana areagotzea bilatzen zuen. Eta badirudi kutsu bera izango dutela martxoan aurkeztuko dituzten neurri berriek.