Hainbat lagunek elkartasuna agertu diote gaur Getxoko (Bizkaia) epaitegian deklaratu behar izan duen Berangoko (Bizkaia) herritar bati, azkenaldian jasaten ari den jazarpen poliziala salatuz. Azaldu dutenez, bi prozesugatik zitatu zuten: Patxi Ruiz preso politikoaren aldeko gose greba batean parte hartzen ari zela egindako ekimenengatik, eta joan den uztailaren 25ean Bilbon (Bizkaia) egindako manifestazio baterako propagandagatik -Batasuna borrokan lelopean egin zuten mobilizazio hura, "amnistia, langileria, autodeterminazioa eta antifaxismoa" ardatz-.
Aldarri horiek nahiz preso politikoen egoeraren inguruko salaketa zilegi direla nabarmendu dute, Gaizka Astorkizaga eta Valentina Morisolliren atxiloketa eta espetxeratzeak salatzearekin batera. Berangoko herritarraren aurkako prozesu judizialak bertan behera uzteko eskatzeaz gain, Amnistia osoa ere aldarrikatu dute: "Errepresio maila ezberdinak gorabehera, Euskal Herria eta langileria zapaltzen duten bi estatu inperialistei ez baitiegu militante politikoen aurka aipatutako errepresioa burutzeko inolako zilegitasunik onartzen".
Polizien jarraipena
Auzitegiko akusazio txostenetan jasotakoa aipatuz, Getxoko epaitegira deitu duten herritarraren inguruko jarraipenak ere salatu dituzte deitzaileek. Agerian utzi dute, haien esanetan, "pertsona honi jarraipen polizialak ezarri dizkiotela, izan ere, etxetik egindako irteerak eta sarrerak biltzen baititu txostenak, txiza egitera zein momentutan gelditu den barne".