Uztailaren 25erako manifestazioa deitu dute Bilbon, "amnistia, langileria, autodeterminazioa eta antifaxismoa" ardatz

"Euskal Herriko langileriaren eta herri sektore ezberdinen batasuna" sustatzea helburu, ekimen berri bat jarri dute martxan, 'Batasuna borrokan' izenpean. Manifestazio nazionala deitu dute uztailaren 25erako, Bizkaiko hiriburuan.
Argazki Nagusia
2020ko ekainaren 30a

Batasuna borrokan lelopean, "amnistia, langileria, autodeterminazioa eta antifaxismoa" ardatz dituen iniziatiba berria aurkeztu dute: "Azaltzen ditugun lau oinarri hauen eta bere edukien inguruan Euskal Herriko langileriaren eta herri sektore ezberdinen indarren batasuna, elkar-kidetza eta aktibazio borrokalaria sustatzeko asmoz aurkezten dugu ekimen hau". Oraingoz, mobilizazio nazional bat deitu dute uztailaren 25erako, Bilbon (Bizkaia). Jesusen Bihotzetik abiatuko da manifestazioa, 18:00etan.

Antolatzaileek "hamarkada luzetan zehar eta belaunaldiz belaunaldi mantendu den borroka eta erresistentziarako ahalmenari" egin diote azpimarra, eta orain, "aurrerapausoa emateko beharra" nabarmendu dute. "Ekimen hau borrokaren bidetik aurrera egiten jarraitzeko mugarri berria izatea nahiko genuke", diote.

"Jarraitu beharreko ildoa hau dela ulertzen duten antolakunde eta adierazpen ezberdinetako militanteek, orainaldi latz honi astindua eman nahi dioten gazte errebeldeek, umiltasunetik bere borrokak eta esperientziak emandako onena transmititu nahi duten preso politiko ohiek edota, sigla zehatz bateko kide izan gabe, bere burua politikoki aktibatzeko aukera ikusi duten hainbat langilek,…. proposatu, sustatu eta antolatzen dute ekimen hau", azaldu dute. Oraingoz, esan bezala, manifestazio nazionala deitu dute Bizkaiko hiriburuan.