Eusko Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak sartu nahi dute indarrean Covid ziurtagiria. Eusko Jaurlaritzak aurreko astean eskatu zion neurri hori hartzeko baimena EAEko Auzitegi Nagusiari, eta auzitegiak gaur erabakiko du ziurtagiriaren derrigortasuna baimenduko duen edo ez.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 50 pertsonatik gorako hainbat lokaletan eskatuko lukete Covid pasaportea; hala nola, jatetxeetan, tabernetan, dantzalekuetan, diskoteketan edota ikuskizun aretoetan. Gaueko aisialdiari lotutako negozioetan 22:00etatik aurrera izango da derrigorra ziurtagiria izatea.
Antza, neurriaren alde dago Auzitegi Nagusiko fiskaltza. Onartuko balitz, 100.000 biztanleko 150etik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietan sartuko litzateke indarrean.
Ipar Euskal Herrian uztailetik da derrigorra Covid pasaportea, eta Frantziako Asanblea Nazionalak urrian onartu zuen neurria 2022ko udara arte luzatzea. Beste estatu batzuetan eta Espainiako Estatuko hainbat erkidegotan ere eskatzen dute ziurtagiria, batez ere, gaueko aisialdiari lotutako lokaletan sartu ahal izateko.
Izatez, Europar Batasunak sortu zuen pasaporte hori, ustez, estatu kideen artean mugitzea errazteko.
'Covid ziurtagiriari ez!'
Gazte Koordinadora Sozialistak aurreko astean hartu zuen hitza auzia zela-eta. Neurri horren aurkako jarrera erakutsi zuen, hiru arrazoi nagusi mahaira aterata: farmazeutiken eta enpresari handien interesei erantzuten diela ziurtagiriaren ezarpenak, kontrol sozialerako beste bitarteko bat dela, eta ziurtagiria derrigorrezko bilakatzea ez dela osasun-arazoari aurre egiteko aterabide erreal bat.