AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iazko mobilizazio bat.
2021/12/06 14:03

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan joan den larunbatetik da derrigorrezkoa Covid ziurtagiria izatea hainbat ostalaritza establezimendutara sartzeko edo zenbait kultur ekitalditara bertaratu ahal izateko. EAEko Auzitegi Nagusiak neurria baztertu zuen oinarrizko hainbat eskubide urratzen zituelakoan, baina Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuen Jaurlaritzak. Hala, Gorenak nolabaiteko onespen zalantzagarri bat eman ostean, ziurtagiriaren derrigortasuna indarrean sartu du Jaurlaritzak. Nafarroan azaroaren 27an ezarri zuen neurri berdina Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ere berme dudagarri bat eman eta gero.

Gazte Koordinadora Sozialistak salatu duenez, "osasun neurri bat baino gehiago, kontrol soziala handitzen duen neurri bat" da pasaportearen ezarpena: "Erabat normalizatu da koronabirusaren hedapenari salbuespen politiken bitartez erantzutea, eta badirudi birusari aurre egiteko modu bakarra eskubideen urraketak eta kontrol sozialaren handitzea direla". Hala, seinalatu du "asko hitz egiten" dela koronabirusaren inguruan, baina "ez, ordea, koronabirusaren gaineko burgesiaren kudeaketaren inguruan".

Kontrol neurriak, eguneroko ogia

Covid ziurtagiriaren ezarpena, hain justu, "burgesiaren kudeaketa eredu horren barruan kokatu" dute GKSko kideek: "Neurri horrek biztanleriaren gaineko kontrol mekanismoak handitzea dakar nahitaez. Izan ere, ziurtagiri horrek datu pertsonalen gaineko kontrol handiagoa dakar eta norbere intimitaterako askatasuna modu nabarmenean urratzen du. Horrek gizarte kapitalistaren joera orokor bati erantzuten dio, gizartearen pobretze orokortuaren baitan kontrol neurriak erabat areagotu direlako azken hamarkadetan".

"Guztion osasunaz arduratzen omen diren politikari profesionalek are testuinguru errepresiboagoa sortzen dute horrelako neurrien bitartez", adierazi du GKSk. Covid ziurtagiriaren ezarpenaren bidez, esaterako, polizien esku-hartzeak, isunak, kriminalizazioa eta orokorrean jazarpena "erraztu" dituztela dio. "Ez du balio behin eta berriz horrelako testuingurua ahalbidetzeak eta ondoren polizia-gehiegikeriak salatzeak", azaldu du.

Neurri berriak, gainera, "segregazioan ere sakontzen" duela salatu du GKSk, "gizarte burgesak esparru askotan egiten duen bezala", "arrazoi desberdinengatik ziurtagiria eduki ezin dutenen zenbait eskubide urratuz eta beraien aurkako kriminalizazioa erraztuz".

Osasuna ezbaian

GKSko kideek azpimarratu dute, bestalde, "farmazeutiken eta enpresari handien interesei erantzuten" diela pasaportearen derrigortasunak; "besteak beste, izugarrizko dirutza irabazten dutelako txertoen salerosketetatik".

Kontrol neurriak etengabe areagotzen ari diren honetan "osasungintza sistema indartsu eta unibertsal baten beharra eztabaida publikotik guztiz kanpo geratu" dela ere seinalatu dute. "Egungo gizarte kapitalistan" osasunaren auzia "lehen mailako arazo" bat dela esan du, baina horri ezingo zaiola "aterabide integral eta errealik eman osasun politika burgesen bitartez".

Mobilizazioak abenduaren 10ean

GKSk jakinarazi du "egoera salatzeko" mobilizatzera deituko duela abenduaren 10erako, ostiralerako. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan izango dira mobilizazioak, 19:30ean. Eusko Legebiltzarraren aurrean izango da Gasteizko kontzentrazioa, Sabin Etxearen aurrean Bilbokoa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean Donostiakoa.

EZ DAGO IRUZKINIK