AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/10/21 16:44

2022ko uztailera arte luzatuko dute Covid ziurtagiriaren derrigortasuna Frantziako Estatuaren lurralde administratiboan, Frantziako Asanblea Nazionalak bart onetsi duenez. Bozketaren emaitza honakoa izan da: aldeko 135 boto eta kontrako 125.

Asanblearen Behe-Ganberan bi egunez aritu dira eztabaidan. Bitartean, protesta masiboak izan dira hemizikloaren kanpoaldean. Senatuan, berriz, hilaren 28an izango da auzi horren inguruko eztabaida. Hauteskunde presidentzial zein legegileak gertu direnez, salbuespen-neurria modu legalean bermatu nahi du gobernuak ordurako.

Covid ziurtagiriak haserrea piztu du Frantziako Estatuan, izan ere, bizitza zibileko hainbat jarduera baldintzatzeaz gain, derrigorrezko txertaketa ere ezartzen baitu jendaurrean lan egiten duten beharginentzat. Joan den ostiraletik, gainera, doako testak kendu dituzte. Gauzak horrela, milaka funtzionariok, eta batez ere osasungintza sektorekoek, bi txertoak jaso behar izan dituzte euren lanpostuak mantendu ahal izateko. Kalkulu ofizialen arabera, absentismoa %10era heldu da sektore soziosanitarioan.


Uztailetik abian


Uztail erdialdean jarri zuen martxan Frantziako Estatuak derrigorrezko Covid ziurtagiria. Ondorioz, lurralde administratibo osoan ezinbestekoa da gaur egun dokumentu digital hori izatea, besteak beste, medikuarengana, ekimen kulturaletara, tabernetara zein bestelako espazioetara joateko.


Covid ziurtagiriak norbanakoek txertoa jaso dutela, koronabirusa atzemateko proban negatibo eman dutela edo sei hilabeteko epean koronabirusak jota egon direla baieztatzen du. Derrigorrezko dokumentu horrek, beraz, txertoaren bi dosien QR kodeak, test batean lortutako emaitza negatibo bat edo azken sei hilabeteetan koronabirusarekin kutsatu izanaren froga bat jaso ditzake.

EZ DAGO IRUZKINIK