AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: ELA
2020/04/08 11:15

Naiz-ek jakinarazi duenez, Osakidetzak barne-mailako mezu bat helarazi zien atzo osasun-langileei. Covid-19 birusaren zantzuak dituzten langileek ere, sukarrik ez badute, lanera joan beharra dutela adierazi zien modu horretan. Hortaz, gaixoak artatzen jarraitu beharko dute arnasarekin lotutako sintomak dituzten beharginek ere; esaterako, eztula dutenek. Kasu horietan, maskarilla izango da erabiliko duten babes neurri bakarra.

Gainera, orain arte, familia-medikuek eskumena izan dute aldi baterako ezintasun bajak emateko. Aurrerantzean, ordea, "funtsezko osasun-langileei" ezingo diete bajarik eman haien Prebentziorako Zerbitzuek azterketa egin aurretik.

Pilar Uriarte Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak eta Ana Bustinduy Asistentzia Sanitarioko zuzendariordeak sinatu dute barne-mailako dokumentua.

Bestalde, atzo bertan argitara atera zenez, Osakidetzak haien lanpostuetara joatera behartu ditu koronabirusa atzeman dieten hainbat langile, gaitza gainditu dutela PCR froga bidez ziurtatu gabe. Azken datuen arabera, pandemia hasi zenetik, Osakidetzako 1.200 osasun-langile kutsatu ditu Covid-19ak, gutxienez. Nafarroan, aldiz, 536 inguru dira gaixoak.