Ehunka lagunek salatu dute Burlatako Gaztetxearen eta askatasun politikoen aurkako erasoaldia

Gaztetxearen erabileraren gaineko "muga arbitrarioak" ezarri dizkietela salatzearekin batera, espazio publikoetarako sarbidea ere ukatu dietela nabarmendu dute Burlatako Gaztetxeko kideek, ehunka lagunen babesean egindako manifestazioan: "Ezinbestekoa zaigu politika egiteko askatasuna aldarrikatzea eta langileen kontrolpeko espazioen gaineko jarduna normaltasun osoz aurrera eramateko baldintzak sortzea".
Argazki Nagusia
Burlatako gaztetxearen eta askatasun politikoen aldeko manifestazioa, larunbatean. Argazkia: Burlatako Gaztetxea
2021eko ekainaren 21a

Duela bi aste, Burlatako Gaztetxeren hirugarren urteurreneko ekitaldiak egitea eragotzi zien udalak gaztetxeko kideei, musika emanaldiak debekatuz eta polizia-indarren bidez ingurua hesituz. Larunbatean, ehunka lagunek salatu zuten gaztetxearen eta askatasun politikoen aurkako erasoaldia, Askatasun politikoak hedatu, gaztetxeak defendatu leloarekin Burlatako (Nafarroa) kaleetan egindako manifestazioan. Besteak beste, "antolatzeko askatasuna" eta "gaztetxeak aurrera" oihukatuz egin zuten bidea, udaletxe aurreraino.


Amaierako ekitaldian azaldu zuten kalean lanean aritu direla azken asteetan, gaztetxearen egoera salatzeko, "pankarta, eskuorri, batzar informatibo edo bando herrikoien bidez". Besteak beste, bandoak kentzeko aginduarekin erantzun zuen alkateak. "Udalaren espazioak erabiltzeko eskariek ez dute erantzunik jaso, ekimenetan presentzia polizial ugaria izan da, identifikazioak, udaltzainak gaztetxera sartu dira baimenik gabe, eta aurreko astean gaztetxeko sarrera itxi ziguten".


"Muga arbitrarioak" eta espazio publikoetarako sarbiderik ez


Bi auzi nabarmendu zituzten egoera horretatik: batetik, gaztetxeari eraso diotela, erabileraren gaineko "muga arbitrarioak" ezarriz, eta bestetik, espazio publikoaren erabileraren gaineko irizpide politikoak erabili dituela udalak, gazte asanbladari horietarako sarbidea ukatuz. "Burlatako Gaztetxea jokoz kanpo uzteko asmoa argia da. Gaurkoan, ospakizun baten deuseztapen arbitrarioa izan da. Zer izango da hurrengoa?", galdetu zuten gaztetxeko kideek.


Gaztetxe baten aurkako erasoa izatetik harago, askatasun politikoen kontrakoa ere badela azaldu zuten; "antolatzea irizpide bakartzat dugunontzat, hari aurre egitea hil ala bizikoa dena". "Ezinbestekoa zaigu politika egiteko askatasuna aldarrikatzea eta langileen kontrolpeko espazioen gaineko jarduna normaltasun osoz aurrera eramateko baldintzak sortzea", gaineratu zuten.


Besteak beste, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak babesa adierazi zion gaztetxeari, eta dei egin zuen manifestazioan parte hartzera.



Iruzkinak

Ez dago iruzkinik