AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/12 10:03

Burlatako (Nafarroa) Gazte Asanbladako kideek beste behin salatu behar izan dute arrisku egoeran dagoela Gaztetxea. Agerraldi bat egin zuten atzo Burlatako udaletxe aurrean, eta Gaztetxean bizitzen ari diren egoera zaurgarriaren berri eman zuten. Gogorarazi zuten, gainera, ateak zabaldu zituenetik dagoela "ezegonkortasun egoera kronikoan" Langile Kontrolpeko Espazioa.

Iazko otsailean jakin zuten lehengo Gaztetxea eraitsia izateko arriskuan zegoela, kirol-instalazioetako obren ondorioz. Gaztetxea beste toki batera lekualdatzeko borroka hasi zuten orduan, emaitza onekin: Burlatako Udalarekin elkarrizketei ekin eta akordio bat erdietsi zuten; lagapen-hitzarmen bat, hain justu. Gaztetxea tokialdatzea eta jardunari jarraipena ematea lortu zuten hala, eta apirilean ireki zituzten Langile Kontrolpeko Espazio berriko ateak.

Gazte Asanbladako kideek, baina, berriki jakin dute akordio horren kontrako salaketa bat aurkeztu zuela iaz Nafarroako Alderdi Sozialistak (PSN), Nafarroako Administrazio Auzitegian. Epaile batek ebatzi du itunak ez dituela "irizpide legal guztiak betetzen", eta horrek arrisku egoeran jarri du berriz Burlatako Gaztetxea.

Navarra Suma buru duen udal gobernuarekin harremanetan jarri zen orduan Gazte Asanblada, berriz ere elkarrizketak hasteko eta egoerari aurre egiteko. "Navarra Sumak negoziazioa oztopatu besterik ez du egin. Nahiz eta hasieran elkarrizketarako ustezko prestutasuna erakutsi, egoera luzatzen aritu da, etengabe aitzakiak emanez", salatu dute gazteek. Orain dela astebete esan zien gobernu taldeak ez daukala inolako asmorik "egoerari irtenbide bat emateko", eta, beraz, arrisku egoeran jarraitzen du Gaztetxeak.

PSNren salaketaz

Atzoko agerraldian, Gazte Asanbladako kideek seinalatu zuten "interes alderdikoi eta elektoralek bultzatzen" dutela PSN, hauteskunde-kanpaina bete-betean egonda. "Burlatan hainbat kolektibo eta talde daude lagapen egoera antzekoetan, baina PSNk Gaztetxearen egoera soilik salatu du, nahiz eta Burlatan ozenak eta jendetsuak izan diren Gaztetxearen moduko espazioen aldeko aldarriak", gogorarazi dute.

Ohartarazi dute sortu zenetik ari dela PSN Gazte Asanbladaren kontra, taldearen "izaera politikoa dela-eta": "Edozein motatako gezurrak eta difamazioak erabili izan ditu asanbladako ekintzak gaitzesteko eta espazioaren aurkako iritzia sortzeko". Asanbladako kideek esan dute, hortaz, euren "eskubide politikoen aurkako erasoak etengabe gauzatzen" dituela PSNk, eta "arma politiko moduan erabiltzen" duela Gaztetxea, "bere interes partikularrerako".

Navarra Suma ere, erantzule zuzena

Navarra Sumaren jarrerari ere azpimarra egin diote gazteek: "Ez du borondate errealik izan Gaztetxearen egoerari irtenbide bat emateko, eta bere asmoa hasieratik negoziazioa ahalik eta gehien luzatzea izan da". Iritzi diote "hauteskundeei begira ahalik eta kalte gutxien pairatzea" izan dela Navarra Sumaren asmoa, eta, PSNrekin batera, Gaztetxearen egoeraren "erantzule zuzena" dela. "Pasa den urteko negoziazioetan hitzarmena behar bezala egiteko aukera izan zuen. Ordea, gauzak erdizka egitea erabaki zuen", gaineratu dute.

Kontrajarritako interesak

"Instituzioak eta haien burokrazia oztopo-mekanismoak besterik ez dira langileen interesen defentsan antolatzen garenon bidean", adierazi zuten atzo Gazte Asanbladakoek: "Interes horien artean, zalantzarik gabe, gazte langileon antolakuntzarako baliabideak sortzea eta mantentzea dago, Gaztetxeak baliabide horietako bat izanik".

Uste dute interes horiek eta "instituzio burgesek defendatzen dituzten interesak" erabat kontrajarrita daudela, eta horregatik dela "ezinbestekoa instituzio horiekiko modu independentean antolatzea". "Ez dugu nahi gure jarduna aurrekontuekiko menpekoa izatea, eta ez dugu nahi gure jarduna udalean boterea daukan alderdiaren borondatearen menpekoa izatea", xehatu zuten agerraldian.

Etengabeko ezegonkortasuna

"Burlatako Gaztetxea ezinbesteko espazioa da Burlatako zein herriaz haragoko eragile politiko eta kulturalen jardunerako, eta askotan erakutsi izan du bertan gauzatzen den jarduna onuragarria dela herriarentzat", ohartarazi dute gazteek. Espazioak "izaera politikoa duenez gero", baina, "etengabeko mehatxupean" eta "egoera ezegonkorretara kondenatuta" dagoela azaldu dute. Horren adibidetzat jo dute azken bost urteetan udal gobernu desberdinekin egindako bi kontratuek "inolako baliorik" ez eduki izana.

"Bide instituzionaletik ez dugu inoiz irtenbiderik eskuratuko, eta uste dugu antolakuntza independentea dela horretarako bidea", laburbildu dute: "Horren bitartez bakarrik lor dezakegu gaitasunak progresiboki metatzea eta horrelako espazioak bermatzeko baliabideak sortzea eta elikatzea".

Iragarri dute "Burlatan behingoz jarduera independenterako espazio egonkor bat eskuratzeko" borroka hasi dutela, eta Gaztetxea bezalako espazioen beharra aldarrikatu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK