AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Italiako Gobernua
2025/05/21 08:34

Europako Batzordeak lege-proposamen bat aurkeztu zuen atzo, asilo-eskatzaileak "segurutzat" jotzen diren herrialdeetara deportatzeko aukera emango liekeena estatu kideei, aldez aurretik migratzailearen eta helmugaren artean loturarik egon ez arren. Europa Press-ek jaso duenez, nahikoa izango da estatu kide batek bere barne-legedian justifikatzea herrialde hartzaileak "babes eraginkorra" eskaintzen duela, Italiak eta Albaniak sinatutako aldebiko akordioaren ereduari jarraituz.

Migrazioari eta Asiloari buruzko Itunaren barruan dago azken ekimen hau, eta 2025eko ekaina baino lehen ezartzea daukate helburutzat. Proposamena Kontseiluak eta Europako Parlamentuak negoziatu beharko dute.

Gaur egun indarrean dagoen Europar Batasuneko araudiak, teorian, asilo-eskatzailearen eta hirugarren herrialde hartzailearen artean lotura bat egotera behartzen du, deportazioa legez baliozkoa izan dadin. Esku-hartze berriarekin, Bruselak baldintza hori ezabatu nahi du, deportazioak errazagoak izan daitezen.

Proposamenak ez du "segurutzat" hartzen diren herrialdeen zerrenda itxirik jasotzen, eta Europako Batzordeak saihestu egin du balizko helmuga zehatzak aipatzea. Momentuz zehaztu dute, dena den, eredu berria "bakarrik dauden adingabeei ez zaiela aplikatuko". Horretaz gain, proposamenak aldaketa bat sartzen du apelazio-prozeduretan: deportazioen aurka jarritako helegiteek ez dituzte kanporatzeak automatikoki etengo, ebazten diren bitartean.

Henna Virkkunen Subiranotasun Teknologiko, Segurtasun eta Demokraziarako Batzordeko presidenteordeak adierazi duenez, helburua estatuei asilo-sistemak "modu eraginkorragoan kudeatzen" uztea litzateke, "oinarrizko eskubideak errespetatzeari utzi gabe". Bestalde, Magnus Brunner Barne Gaietarako eta Migraziorako komisarioaren esanetan, "hirugarren herrialde seguruaren kontzeptua berrikustea estatu kideen zerbitzura dagoen beste tresna bat da, azken hamarkadan migrazio-presio handia jasan baitute".

EZ DAGO IRUZKINIK