Atzo amaitu zen BRICS taldeak (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) Rio de Janeiron egindako azken goi-bilera. Herrialde horietako buruzagiek, beste herrialde gonbidatu batzuetako agintariekin batera, "multilateralismoa" defendatu dute; eta gerra, zigorrak eta muga-zergak tresna politiko gisa erabiltzea gaitzetsi dute.
Dokumentuak, Rio de Janeiroko Adierazpena izena daramanak, "kezka" erakusten du "munduko hainbat lekutako egungo gatazkengatik eta nazioarteko ordenaren polarizazio- eta zatiketa-egoeragatik", eta "gatazken potentziala murrizteko neurri politiko-diplomatikoak" eskatzen dizkio nazioarteko komunitateari, Europa Press-ek jaso duenez.
Palestinari dagokionez, Israelgo Estatuak Gazan egindako erasoaldi genozidan izan diren "Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa guztiak" gaitzetsi ditu BRICSek, baita gosearen erabilera ere, gerra-metodo gisa. Taldeak "berehalako su-eten iraunkor eta baldintzarik gabekoa" eskatu du; baita "Israelgo indarrak Gazako Zerrendatik eta Okupatutako Lurralde Palestinar guztietatik erabat erretiratzea, Nazioarteko Zuzenbidearen aurka atxilotu eta bahitu dituzten guztiak askatzea eta laguntza humanitarioa ematea" ere.
Gainera, BRICSek errefusatu egin du "Nazioarteko Zuzenbidearen aurkako alde bakarreko neurri hertsatzaileak ezartzea", Iran edo Errusia bezalako herrialdeei eragiten dieten zigorrei erreferentzia eginez.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak bideokonferentziaz hitz egin zuen, eta adierazi zuen "globalizazio liberalaren eredua zaharkitua" dagoela. BRICSen pisu ekonomikoa nabarmendu zuen, "munduko ekonomiaren %40" eta "munduko ale-ekoizpenaren %44" baitagokio. Putinen esanetan, gainera, Errusiaren eta taldeko beste kide batzuen arteko transferentzien %90 moneta nazionaletan egiten dira, eta Brasilek babestutako zereal-burtsa baten sorrera defendatu zuen.
Goi-bileran, halaber, "adimen artifizialari eta klima-aldaketari buruzko erregulazio aldeaniztunaren beharra" landu zuten, baita erregai fosilek potentzia emergenteen matrize energetikoan duten garrantzia ere.