UGTren azken zapuzte-mugimenduei aurre egin diete villavesetako langileek, borrokan segitzea erabaki baitute langile-asanbladetan. Horiek horrela, lanuzteak egingo dituzte bihar, abenduaren 13an; baita hilaren 19an, 24an eta 31n ere, lan-txanda guztietan. Plantillaren eskaeren artean daude soldatak KPIaren arabera eguneratzea, lanaldia murriztea, gaueko eta jaiegunetako bajak eta plusak hobetzea eta 2023an iraungitako hitzarmen kolektiboa berritzea, besteak beste.
Iruñerriko (Nafarroa) hiri-garraioko beharginek hamar bat hilabete daramatzate lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzeko borrokan. UGT sindikatuak (langile-batzordeko hamazazpi ordezkarietatik zazpi dira UGTkoak) berriki erabaki du, ordea, langileen aldarriei oztopoak jartzea, Iruñerriko Mankomunitatearen proposamenak eta zerbitzuaz arduratzen den enpresaren (TCC Moventis) azken eskaintza ontzat emanez.
UGTk alde bakarrez erabaki zuen eskaintza hori onartzea eta akordioari bide egitea, plantillari bizkarra emanez. Langileek, ordea, uko egin diote itun horri, atzo egindako asanbladetan; eta gehiengo sindikala osatzen duten ELA, CCOO, LAB eta ATTU sindikatuek (hamar ordezkarirekin) ere bai. Beraz, aurrera segitzen du villavesetako beharginen borrokak, eta bihar izango dute hurrengo hitzordua.
Azkenekoz enpresak eta UGTk indarrean sartu nahi izan duten akordioak ez ditu langileen eskaera guztiak kontuan hartzen. Adibidez, ez du ezartzen urteko lanaldia gehienez 215 egunekoa izatea, eguneko lanaldia gehienez bederatzi ordukoa eta gutxienez bost ordukoa izatea, soldaten %5,38 berreskuratzea, plantilla osoaren atsedena bermatzea, eta abar.