AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/14 08:37

Gasteizko (Araba) Wonders tabernako langileak protestak egiten ari dira, Wonders ordaindu zure langileei lelopean. Izan ere, erdigunean kokatutako lokalean lanean jardun zuten zortzi behargini milaka euro zor dizkiete nagusiek: 4.000 eta 9.000 euro artean bakoitzari, ez-ordaintzeak eta kaleratzeengatiko kalte-ordainak kontuan hartuta.

Langileek azaldu dutenez, enpresa 2024ko uztailean hasi zen langileei euren nominak ez ordaintzen, eta, azkenean, ia plantilla osoa kaleratu zuten nagusiek: bederatzi beharginetatik zortzi, ia bi urtez bertan aritu ostean. Hori gutxi balitz, enpresak ez die oraindik zor dien dirutza ordaindu kalean utzitako langileei, nahiz eta hilabeteak igaro diren jada. Hainbat epaiketa daude egiteke, auzia dela-eta.

Ez-ordaintzeak justifikatzeko, enpresak esan du ez daukala hainbeste diru, baina langileek azaldu dute plantilla berri bat kontratatu dutela eta lokala berritu dutela. Hala, hainbat asteburu daramatzate protestak egiten, nagusiei exijitzeko zor dieten dirua ordaintzeko, eta ohiko oihuetako bat izan da "Tabernarentzako dirua baldin badago, ordaintzeko dirua ere badago". Joan den larunbatean izan da azkeneko mobilizazioa: arratsaldeko 18:00etan elkarretaratu ziren beharginak taberna aurrean, Independentzia kalean. Deialdiarekin bat egin zuen Gasteizko Ostalaritzako Langile Asanbladak.

EZ DAGO IRUZKINIK