AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/10 13:37

Ekonomikoki soldatapeko lanaren bidez bizi diren pertsonen oinarria geroz eta murritzagoa da biztanleria osoarekiko. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (EPA, gaztelerazko sigletan) azken datuen arabera, 16,7 milioi lagun inguru dira arrazoi desberdinengatik lanik bilatzen ez dutenak, inoizko zifrarik altuena. Halaber, biztanleria ez aktiboa eta langabetuak batuta, ikus daiteke 2022ko laugarren hiruhilekoan lanik egiten ez zutenen zifrak (19.724.000) eta enplegua zutenenak (20.400.000) elkarrengandik oso gertu zeudela.

Espainiako Estatuko biztanleria ez-aktiboaren hazkundea 2012an hasi zen sumatzen. Tartean, COVID-19aren pandemiak zifrak ezohiko moduan puztu bazituen ere, 2019ko maila berreskuratu ondoren, 2021ean eta 2022an gorantz jarraitu zuen. EPAn ikus daitekeenez, bereziki zakarra izan da 2022ko laugarren hiruhilekoan.

2020tik hona, zehazki, 206.000 lagunek egin behar izan diote uko enpleguari beste pertsona batzuk zaintzeko, eta horien %90,2 emakumeak ziren

Adineko pertsonak, haurrak eta bestelako dependentzia egoeretan dauden senideak zaintzeagatik lana utzi behar izan dutenak nabarmendu dira. EPAren arabera, iazko abenduan 2019ko hilabete berean baino %42 gehiago ziren arrazoi horrengatik lan-merkatutik kanpo geratu ziren langileak. Guztira, 700.000 behargin dira egoera horretan aurkitzen direnak. 2020tik hona, zehazki, 206.000 lagunek egin behar izan diote uko enpleguari beste pertsona batzuk zaintzeko, eta horien %90,2 emakumeak ziren.

Faktoreak

Soldatapeko lanetik kanpoko zaintzarena ez da txantxetarako kontua, 2019tik hona erregistratutako biztanleria ez-aktiboaren igoeraren erdia baino gehiago (%54) arrazoi horren ondorio zuzena izan baita. Gainera, beste norbait zaintzeko enplegua utzi behar izan dutenak ez dira berriki haurrak izan dituzten guraso gazteak bakarrik, %40ek 50 urte baino gehiago baititu. Horien artean gehienak gurasoak zaintzeaz arduratu behar diren langileak direla susma daiteke.

Egitura demografikoak ere izan du bere eragina: 2019ko abendutik hona zenbatutako 380.000 biztanle ez-aktibo berrien %44,5 (169.300 pertsona) ziren duela gutxi erretiratuak. Biztanleriaren zaharkitzeak, dena den, ez du dena azaltzen, erretiratuta bizi direnak biztanleria ez-aktibo osoaren %24 baitira. Bada bestelako arrazoi esanguratsu bat: berez oso zabala izan behar lukeen 30 eta 40 urte arteko biztanleria, lan-estatistiketan pisu handia izan ohi duena, estutzen ari dela; 70eko eta 80ko hamarkadetako krisialdian zehar baby boom belaunaldian baino haur gutxiago jaio baitziren.

166.900 gehiago izan dira ikasten ari direlako lanik bilatzen ez dutenak, igoeraren %44 inguru

Bestalde, 2019tik erregistratu den biztanleria ez-aktiboaren igoeraren beste zati esanguratsu bat gazteei dagokio. 166.900 gehiago izan dira ikasten ari direlako lanik bilatzen ez dutenak, igoeraren %44 inguru. Azken bi urteetan, zehazki, %6 igo da kopuru hori, eta bat dator gazteentzako lan-eskaintzaren murrizketa, eskola-uztearen jaitsiera eta ikasketen espezializazioaren igoera bezalako fenomenoekin. Gaixo edo lanerako gaitasunik gabe dauden pertsonen proportzioa ere handitu egin da, biztanleria ez-aktiboaren igoera areagotuz.

Espainiako Estatuko iazko lan erreformak ere izan du zerikusirik. "Aldizkako finkoen" figurarekin, une jakin batean lanean ari ez diren behargin askok, teknikoki, ez dute enplegu berri bat bilatzen, kontratatu dituen enpresak deitzeko zain egoten baitira, behin-behinean jarduten badute ere. Espainiako Estatuko estatistika ofizialek "ez-aktiboen" multzoan sartzen ditu horiek ere. 2022an 484.663 aldizkako finko gehiago zenbatu dira, eta horien %40 inguru ez ziren ari beste lanposturen baten bila.

Metodo kontua, beste behin

Espainiako Gobernuaren estatistika ofizialek krisian dagoen kapitalismoaren fenomeno ukaezin bat ezkutatzen dutela ikus daiteke: eskura dagoen lan-indarraren azpierabilera, edo gehiengo soziala lanean integratzeko ezintasuna, bestela esanda. EPAren azken inkestak langabeziaren %12,9ko zifra eskaintzen du, eta Europa mailako altuenetarikoa izaten jarraitzen duen arren, ilusio bat sor dezake: lan egiteko adinean dauden eta horretarako gai diren gainerako pertsona heldu guztiak lanean ari direla. Uste hori errealitatetik oso urrun dago: aldizkako finkoen kopuru ikaragarriak, unibertsitate titulu ugarirentzat lanik ez dagoelako ikasketak oso berandura arte luzatzen dituzten gazteak, edo adinekoen, haurren eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza soldatapeko lanarekin bateragarri egin ezin duten langile klaseko emakumeen kasua.

Ez dira langabe gisa zenbatzen, baizik eta "biztanleria ez-aktibo" gisa, pentsiodunekin, haurrekin edo lan egiteko ezgaituta dauden pertsonekin batera

Langileriaren sektore horien existentzia lausotu ohi dute zenbakiak apaintzeko, hautsa alfonbraren azpian ezkutatzen duenak bezala. Ez dira langabe gisa zenbatzen, baizik eta "biztanleria ez-aktibo" gisa, pentsiodunekin, haurrekin edo lan egiteko ezgaituta dauden pertsonekin batera. Horrela, badirudi langabeziaren zifrak kontrolatuta daudela eta "gauza ondo doala". Hala eta guztiz ere, giza-talde hori gero eta handiagoa den heinean, Espainiako Estatuaren metodologia agerian geratzen ari da.

EZ DAGO IRUZKINIK