AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Bizkaiko merkataritza zein ehungintza, oinetako eta larrugintza dendetako langileek greba egin dute
Hitzarmen berria helburu, lehen greba eguna burutu dute langileek eta, sindikatuen arabera, "jarraipen zabala izan du" honek. Bilbon zehar mobilizatu dira gaur eta maiatzaren 6an eta 13an greba deitu dute beharginek.
2022eko apirilaren 29
Bizkaiko merkataritza zein ehungintza, oinetako eta larrugintza dendetako langileek greba egin dute

Bizkaiko merkataritza orokorraren, bai eta ehungintzako, oinetako eta larrugintza dendetako langileek ere greba burutu dute gaur, apirilak 29. Piketeak egin dituzte goizean, Bilboko (Bizkaia) Kale Nagusian zein Indautxun zehar eta 12:00etan Arriagatik abiatu da manifestazioa.

Protesta CEBEK patronalaren egoitzan amaitu da, lan-hitzarmen berria exijituz. Izan ere, negoziazioa ireki zuten arren, "inmobilismoa" nagusitu da patronalaren aldetik eta, gainera, negoziazioetan "elementu erregresiboak" proposatzera iritsi zela salatu dute beharginek.

Hala, patronalak jarrera ezkorra "baztertzea" espero dute sindikatuek, langileen eskaerak txertatzearekin batera. Halere, datozen greba egunen beharra azpimarratu dute, zeinak maiatzaren 6an zein 13an deitu dituzten langileek.