Bizkaiko grafikagintza sektoreko langileek hiru greba egunetara deitu dute. Atzo, ekainaren 11n, grebari ekin zioten, eta ekainaren 12an eta 13an ere kalera aterako dira beharginak. Lau lanuzte egin dituzte apirilean eta maiatzean, baina, salatu dutenez, negoziazio-mahaiari uko egin dio berriro ere CEBEK patronalak.
Maiatzaren 27an egin zuten azken lanuztea beharginek, eta, sindikatuek azpimarratu dutenez, patronalak "Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaian funtsezko aurrerapen bat planteatzeko" aukera izan zuen. Ordea, ez zituen langileen eskaerak onartu eta, gainera, ez zuen beste bilera baterako datarik ezarri nahi izan. Astebete beranduago, ekainaren 4an, langileek patronala biltzera deitu zuten berriro, baina mahaian parte hartzeari uko egin zion hark, beste behin.
Itun kolektiboa, agortuta 2011tik
Sektoreko lan-hitzarmena 2011n iraungi zen eta, beraz, ordutik, langileen soldata izoztuta egon da. Gauzak horrela, 2011tik hona "galdutako erosahalmena berreskuratzea" exijitzen dute; CEBEk patronalak, berriz, %11,5eko eguneratzea 2023an aplikatzea eta Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) gehi %1,5eko soldata-igoera proposatu du datozen bi urteetarako. Irizpìde honrri uko eginez gero, negoziazio-mahaietan parte hartzea "ez duela onartuko" azpimarratu du patronalak.
Blokeo-egoerari aurre egiteko deitu dute lanuztera beharginek eta, sindikatuen arabera, lehen greba eguneko parte-hartzea "masiboa" izan da. Lanuzteak izango dira gaur ere, soldata igotzea, hitzarmenaren aplikazioa bermatzea, antzinatasuna kontuan hartzea edota lanaldia murriztea exijitzeko, besteak beste.