Douglas lurrindegien kateak hemeretzi denda ditu Bizkaian eta, antza, 11 ixteko asmoa du. Osotara 132 langilek egiten dute lan Bizkaian, baina lurrin-denda gehiago ditu Hego Euskal Herrian: zazpi Nafarroan, lau Gipuzkoan eta bat Araban.
Hala, Bizkaian ez ezik, Hego Euskal Herrian zehar dendak ixteko asmoa adierazi du enpresak eta, gainera, zuzendaritzak "langileen lan-baldintzak okerragotu nahi" dituela salatu dute beharginek.
Modu horretan, greba mugagabea hasi dute gaur Bizkaiko Douglas enpresako langileek eta, ELA sindikatuaren arabera, Nafarroako langileak batuko dira deialdira datorren astelehenean. Enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) bertan behera uztea eskatzen dute, eta Kaleratzerik ez! lelopean mobilizatu dira.