Bilboko (Bizkaia) bulegoan, eraso arrazista ugariren berri izaten du Bizkaiko SOS Arrazakeriak elkarteak. Urtero egiten du salaketa horiei buruzko azterketa bat, eta argi eta garbi seinalatu du urte honetan ere: polizia-indarrak dira eraso arrazista gehien egin dituztenak.
Aurten Bilbon izan diren salaketen erdia, Poliziak egindako eraso arrazistengatik izan dira. Eraso horien artean, %83 egin dituzte Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak. Polizia-indar horiek dira immigrazioari eta mugei lotutako eskumenak dituztenak.
Poliziak egindakoen ostean, "norbanakoek" egindakoak dira nagusi Bilbon ezagutu dituzten eraso arrazisten artean: %14. "Bizilagunen arrazismoa" eta lan-eremukoa dira bigarren ohikoenak, %11ko ehunekoekin, bi kasuetan. Segurtasun pribatuari lotutakoak dira kasuen %6, eta hezkuntza-eremuari lotutakoak %3.