AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: autopista.es
2022/03/11 08:51

"Garai zailak datoz". Hala aitortu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aste honetan bertan, baina denbora asko daramagu oinarrizko produktuen prezioak etengabe igotzen ikusten, hamaika pantailatan eta fakturatan. Horren jatorria COVID-19arekin edota orain Ukrainan leher egin duen gudarekin lotu izan du askok, baina unean uneko baldintza piztaile horiek, une oro mantentzen den joera orokor bat gordindu eta azkartu baino ez dute egiten: etengabe garestitzen ari da langileriaren bizitza.

Horren isla da, besteak beste, erregaien —gasolina nahiz diesela—, gasaren, argindarraren eta oinarrizko elikagaien prezioak hainbeste igo izana. Elementuren baten garestitzeak, gainera, eragin zuzena du gainontzekoen prezioetan.

Erregaiak, errekor historikoetan

Gasolinaren eta dieselaren prezioek sekula ikusi gabeko zenbatekoak utzi dizkigute azkenaldian, eta marka historiko guztiak ari dira hausten: aste honetan bi eurora heldu dira gasolina nahiz diesel litro bakoitzaren prezioak hainbat gasolindegitan.

Asteazken honetan, batez beste, 1,802 euroan ordaindu da 95 Gasolina litro bakoitza, eta 1,677 euroan diesel litro bakoitza. Inoiz erregistratu diren zenbatekorik altuenak dira. Duela urtebete baino %29,9 garestiagoa da gasolina, eta 21,2 euro gehiago ordaindu behar dira depositua betetzeagatik. Diesela orain dela urtebete baino %34,8 garestiagoa da, eta 22,4 euro gehiagoko kostua du 55 litroko depositua betetzeak.

Iazko abenduaren 20tik etengabe igo da erregaien kostua; azken bi hilabeteetan, hain justu, %13,8 igo dira gasolinaren prezioak, eta %17,6 dieselarenak. Gasolinaren prezioak, hortaz, sei astez jarraian gainditu ditu marka historiko guztiak —2012an erregistratu zen azkeneko errekorra—, eta gasolioarenak, aldiz, lau astez jarraian hautsi du marka oro.

Ukrainako gerraren harira hartu diren neurri ekonomikoek ere, jakina, eragin dute prezioen azkenaldiko igoera azkarrean. Esaterako, AEBek uko egin diote Errusiako erregaiak inportatzeari, eta Errusiak baieztatu du ez dituela lehengaiak Errusiako Federaziotik kanpo esportatuko; kontuan hartzekoa da Errusia dela hirugarren petrolio ekoizlerik handiena mundu mailan. Gudak leher egin zuenetik, adibidez, %15,6 igo da gasolinaren prezioa.

Gasa, %561,8 garestiago

Horrek guztiak lotura du gas naturalaren prezioekin ere, Errusia baita gas naturalaren bigarren ekoizlerik handiena mundu mailan. Gasaren Merkatu Iberiarraren arabera, martxoaren 9an, ondoko prezioa izan zuen gasak: 200,9 euro/MWh. Ukrainako gudak eztanda egin aurretik, 80 euroan zegoen orduko megawatta.

2021eko martxoaren 10ean, 55,87/MWhkoa zen gasaren batez besteko prezioa. Beraz, urtebete beranduago, %561,8 garestiagoa da; alegia, zazpi aldiz gehiago ordaindu behar da gasa erabiltzeko.

Besteak beste, energiaren prezioetan eragiten du zuzenean gas naturalaren prezioak. Gasaren prezioaren menpe dago argindarrarena; hala dio Espainiako Estatuan elektrizitatearen prezioak zehazten dituen sistemak.

Argindarra, %598,18 gehiago

Gaur, batez beste 284,58 euroan ordaindu beharko da orduko megawatta. Azken hiru egunetan prezioek behera egin badute ere, joan den asteartean bertan hautsi ditu marka historiko guztiak argindarraren prezioak: 545 euro/MWh.

Duela urtebete, 2021eko martxoaren 11n, %598,18 merkeagoa zen argindarra: 40,76 euro/MWh. Gaur, beraz, duela urtebete baino ia zazpi aldiz garestiagoa da. Iazko urrian eta ondoren abenduan, ordura arte erregistratutako marka historiko guztiak apurtu zituen argindarraren prezioak; abenduan, batez beste 239 euroan kokatu zen orduko megawatta. Une goren horretan baino ia 130 euro garestiagoa da gaur argindarraren kostua.

Serie historikoko urterik garestiena izan zen 2021a argindarrari dagokionez —batez beste, 111,93 euro/MWh—. Urte hau hasi zenetik, ordea, joerak are altuagoak dira: oraingoz, 226 euro/MWh-koa da batez bestekoa.

Erosketa-saskia ezin bete

Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO), bestalde, atzo ohartarazi zuen inoiz ikusi gabeko igoera bat izango dela orain elikagaien prezioetan, mundu mailan. FAOk badu adierazle bat, oinarrizko zenbait elikagaiek osatutako saski baten nazioarteko prezio-aldaerak aztertzen dituena. Adierazle horren arabera, 2021ean, %28,1 igo zen saski horren kostua.

Aurtengo urtarriletik otsailera, ordea, are gehiago igo da saski horren kostua: %3,9 (140,7 puntu). Azkeneko errekor historikoa gainditu du, beraz; 2011ko otsailekoa zen erregistratutako daturik altuena (137,6 puntu).

Elikagaien prezioak garestitzea eragin du, besteak beste, energiaren, ongarrien zein pentsuaren prezioak igo izanak. Landare-olioak dira azkenaldian gehien garestitu direnak; %8,5. Zerealen prezioak %3 igo dira urtarriletik.

Ukrainako gudak, nola ez, zenbait ondorio izango ditu elikagaien kostuetan ere. Garia, artoa, irina edota ekilore-olioa esportatzen dituzte Ukrainatik eta, besteak beste, inportazio horien beharra nabarmena da Espainiako Estatuan. Zerealak garestitzeak, hala nola, eragina izango du haragiaren, ogiaren edota garagardoaren prezioetan.

EZ DAGO IRUZKINIK