AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/09/10 16:09

Gasteizko (Araba) udal txakurtegian boluntario lanetan ibili izan diren zazpi emakumek bertan jasandako sexu jazarpenaren eta tratu desegokien berri eman dute publikoki, bertan lanean zebilen 61 urteko gizonezko batek erasotu zituela salatuz. 2018tik, jada erasoen berri emana zen: gizonezkoaren lankide batek jakinarazi zion zuzendaritzari emakumeak iraintzen zituela, edota ukituak eginak izan zituela gona edo jantziak altxatuz.

2019ko irailean jarri zuten jakinaren gainean Gasteizko Udala, eta bitartean, txakurtegian lanean jarraitu zuen gizonezkoak. Ez zen aldaketarik izan, eta urte honetako otsailean jarri zuten salaketa zazpi emakumeek. Maiatzaren 26an, erasotzailea kaleratu zuten.

Uda honetan, uztailean, gizonezko berdinaren partetik jasandako indarkeria salatu zuen haren bikotekide ohiak. Urruntze-agindua ezarri zioten orduan erasotzaileari.

Azkenaldian, genero bortizkeriari lotutako kasu gehiagoren berri eman dute Gasteizen: 17 urteko neska batek talde bortxaketa pairatu izana salatu zuen, eta aurreko astean, gizonezko batek bikotekideari eraso egin zion Zaramagan.