AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Arcelorreko langileak protestan, lankide baten erailketa salatzeko. Argazkia: Goierri Telebista
2020/01/28 11:09

28 egun baino ez dira igaro 2020. urtea hasi zenetik, eta dagoeneko, bederatzi dira Euskal Herrian haien lanpostuetan erailak izan diren beharginak, gutxienez. Horretaz gain, sei langile hil dituzte amiantoaren eraginez.

Urtarrilaren 2an izan zen lehenengo erailketa, Gasteizko (Araba) Olarizu auzoan. Hiru metroko altueratik erorita zendu zen 54 urteko langile bat, eraikuntza lanetan ari zela. Egun berean, nekazaritza lanetan jarduten zuen langile batek galdu zuen bizia Jatsu Garazin (Nafarroa Beherea), lastozko fardel batek azpian hartuta. Bi egunera, urtarrilak 4, beste bi hilketa gertatu ziren. Bilboko (Bizkaia) Corte Ingles saltoki-gunean 27 urteko behargin bat zendu zen, beherapenak prestatzeko lanetan ari zela, eta "luzatutako lanaldi" baten barruan. Egun batzuk lehenago lan istripua izan zuen behar langile bat ere hilaren 4an hil zen.

Odolez zikindutako kontaketarekin jarraitzeko, urtarrilaren 9an, beste bi behargin erail zituzten. Goizaldean, Gasteizko Mercedes Benz lantegian laneko txanda amaitzean, etxerako bidean hil zen 25 urteko langile bat. Bestalde, Lantarongo (Araba) Tubos Braseli enpresan kolpe bat hartu zuen langile batek, eta ospitalean zendu zen.

Urtarrilaren 22an ere binaka zenbatu ziren hildakoak. Arcelor Mittalek Olaberrian (Gipuzkoa) duen lantokian, zamalanetan ari zen garraiolari bat erail zuten lehenengo, ibilgailu batek harrapatuta. Handik ordu gutxira, zamalanetan ari zen beste garraiolari batek galdu zuen bizia, Sumillan (Nafarroa).

Atzo ere egun tragikoa izan zen gurean. Ameskoabarreneko (Nafarroa) Artatza Urederra campingean 10 metroko altueratik erori zen behargin bat, eta buruan kolpea hartu zuen. Bertan hil zen.

Amiantoa eta kalea

Bestalde, urtea hasi zenetik, soldatapean amiantoaren eraginpean aritutako sei langile erail dituzte, gutxienez. Asviamie eta Ananar elkarteek eman dute zenbatekoaren berri. Horretaz gain, etxegabeko bi pertsona hil dituzte hilabete honetan, Donostian (Gipuzkoa) eta Durangon (Bizkaia).