Gaur, martxoak 9, Unibertsitateko Indar Batasunak eta EHUko garbitzaileek prentsaurrekoa egin dute Gasteizko (Araba) campuseko Farmazia Fakultatearen atarian, ikasle mugimenduko kide batek jasandako erasoa salatzeko. Azaldu dutenez, EHUk espedientea zabaltzearekin mehatxu egin dio ikasleari, garbiketa zerbitzuetako beharginen greban zehar elkartasun ekintzetan parte hartzeagatik.
Unibertsitateak fakultate horretako Ikasle Gela itxi duela ere ohartarazi dute. Jarrera horiekin, EHUk, "garbitzaileen alde inplikatu ordez, ikasleei eraso egiten diela" utzi dute agerian.
Mehatxupeko grebaldia
Joan den astean, EHUko UGT sindikatuak greban dauden langileen aurkako agiri bat argitaratu zuen. Bertan, "ikasleriaren sektore erradikalizatuena mertzenari gisara baliatzea" egotzi zien grebalariei. EHUk ere izan zuen zeresana auzian, bi aldiz mintzatu baitzen garbitzaleen aurka. Errektoretzak grebaren zilegitasuna zalantzan jarri eta langileen borrokarako baliabideak gaitzetsi zituen, "ekintza bandalikoen" argudiopean.