Espainiako Espetxe Zuzendaritzak enpresa pribatuentzat ekoizten duten 13 tailer jarri zituen martxan atzo, El PaĆs-ek azaldu duenez, barne-agindu baten bidez. Hori da espetxeetan konfinamendua "arintzeari" begira hartutako lehen neurrietakoa, bestelako jarduerak, bisitak, paketeak jasotzeko aukera edota osasun jarraipena etenda dituzten bitartean.
Covid-19ari aurre egiteko neurriek "emaitza itxaropentsuak" eman dituztela azaldu du Espetxe Zuzendaritzak, eta "Gobernuak sektore ez-funtsezkoetan jarduera berrezartzeko hartutako erabakiekin bat etorriz" ezarri duela neurria. Tailer horietako bi Basauriko (Bizkaia) eta Zaballako (Araba) kartzeletan daude.
"Soldata miserableak ordaintzen dituzten enpresa pribatuen etekinerako tailer produktibo batzuk irekitzea ez da preso dauden pertsonen eta haien senideen isolamendua arintzea", ohartarazi du Salhaketak jakinarazitakoen aurrean. Herrialde Katalanetako Fuig kolektiboak, esaterako, azaldu du neurri horrek argi adierazten duela zein diren "espetxe sistemaren lehentasunak".
"Oinarrizko eskubideak bermatzeko" eskaera
Bitartean, 238 Covid-19 kasu positibo atzeman dituzte espetxeetan preso dauden pertsonen nahiz funtzionarioen artean; gutxienez preso bat izan da eraila koronabirusarekin, eta milatik gora daude behaketan, Salhaketak, Etxerat-ek eta presoen eskubideen aldeko beste zenbait elkartek azaldu dutenez. Kartzeletan "koronabirusa hedatzea ekiditeko" zein "pertsona presoen oinarrizko eskubideak bermatzeko" neurriak galdegin zituzten duela hilabete, besteak beste, mediku-arretarekin, isolamenduarekin, komunikaziorako bideekin edota gaixotasun larriak dituzten presoen eta 70 urtetik gorakoen etxeratzearekin lotuta.
Gaur, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldi baten harira, elkarte horiek salatu dute Gobernuak "muzin egin" diela presoen egoerari, eta ez dituztela bete Munduko Osasun Erakundeak eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako batzordeak egindako gomendioak.