AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Marixol Iparragirre.
2019/09/03 13:39

Bihar, irailak 4, Marixol Iparragirre preso politikoa Espainiaratuko dute, Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitu dezaten. Auzitegiak duela lau urte egin zuen Iparragirre estraditatzeko eskaera. Besteak beste, Luciano Cortizo Armadako komandantearen hilketagatik epaitu nahi dute; guztira, baina, bere aurkako hamabi auzibide dituzte irekita. Iparragirrek iragan abuztuaren 27an amaitu zuen Frantziako Estatuak ezarritako 20 urteko espetxe zigorra, baina atxilo dute oraindik, Reauko kartzelan.

Auzitegi Nazionalak eskoriatzarraren aurka igorritako estradizio eskaerek eta euroaginduek "polizia etxe eta Guardia Zibilaren kuarteletan torturapean ateratako aitorpenak" dituzte oinarri, baita "polizia zerbitzuek eraikitako frogak" ere, Eskoriatzako Presoen Plataformak eta Donostiako Antiguako Kalera Kalera dinamikako hainbat kidek azaldu dutenez.

2004. urtean atxilotu zuten Iparragirre, Mikel Albisu Mikel Antzarekin batera. 20 urteko kartzela zigorra ezarri zieten biei. Urtarrilean Espainiaratu zuten Albisu, eta aske utzi zuten, ez baitzuen itxi gabeko auzirik bere gain.

Aspiazu ere estraditatua

Garikoitz Aspiazu preso politikoa atzo estraditatu zuten. Bihar, irailak 4, eramango dute Auzitegi Nazionaleko Hirugarren Sekzioko epailearen aurrera, Madrilen. 2001. urtean Jose Maria Lidon Bizkaiko Probintzia Auzitegiko epailea hiltzeko atentatuan parte hartu izana leporatzen diote, eta auzi horren harira epaituko dute laster, data zehaztu ez duten arren. Hala, epaiketa egin bitartean, Espainiako Estatuan behin-behinean espetxeratuko duten edo ez erabakiko dute bihar.

Urtzi Murueta ere epaitu zuten auzi hori dela-eta, baina errugabetu egin zuten.

Bestalde, abuztuaren 30ean Espainiaratu zuten Mikel Karrera preso politikoa ere. Aurreikuspenen arabera, iraila erdialdean epaituko dute, ustez ETA erakundeko bi kidek erabilitako furgoneta bat alokatu izana egotzita.

Frantziako Estatuak abuztuaren 27an adostu zuen Aspiazu eta Karrera Espainiako Justiziaren esku uztea, Espainiako Estatuan epaitu ditzaten. Epaiketen ostean, Frantziako Estatura mugituko dituzte berriz, espetxe zigorrak betetzen jarrai dezaten.

EZ DAGO IRUZKINIK