AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/20 11:40

Larunbatean, apirilak 18, gutxienez lau pertsona atzeman eta 456 salaketa jarri zituzten polizia indarrek EAEn. Ostiralean baino 141 salaketa gehiago izan ziren, EITB-k adierazi duenez; guztiak, alarma egoeran Espainiako Gobernuak ezarritako neurriak ez betetzeagatik. Ia erdiak Bizkaian zenbatu zituzten, 214 inguru; Gipuzkoan 136 jarri zituzten, eta Araban, 106.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Bizkaian izan ziren atxiloketetako bi, bat Gipuzkoan, eta bestea Araban. Ertzaintzak gauzatu zituen atxiloketa guztiak.

Europa Press-ek jakinarazi duenez, larunbatean 19 urteko gazte bat atzeman zuten Gasteizen (Araba), udaltzainei arrautzak botatzeagatik. Antza, identifikatzeko eskatu zioten, eta hark uko egin zuenean eraman zuten atxilo. "Desobedientzia eta erresistentzia larria" leporatu zizkioten.

Duela hilabete argitara ateratako datuen arabera, alarma egoera ezarri eta aste horretan bertan, 18 pertsona izan ziren atxilotuak EAEn, eta 988 isunduak. Lau egunera jakinarazi zutenez, Hego Euskal Herrian 100 atxiloketa eta 5.000 isun inguru zenbatu zituzten.